Ekimen ugari izango dira udazkenean Kulturarteko Plaza Feministan, eta aste honetako hitzordu nagusia bihar izango da, 'Zebat lo' album ilustratuaren aurkezpenarekin. Nekane Txapartegi iheslari politikoaren bizipenak abiapuntu hartu dituzte Izaro eta Iraitz Lizarraga lehengusuek, eta kartzelako testuinguru batean, haur batek kartzelarekin eta bertan preso duen amarekin duen harremana kontatu dute. Horretarako, Txapartegiren eta bere alabaren bizipenak izan dituzte ardatz lehengusuek. Albumari hitzak jartzeaz arduratu da Iraitz Lizarraga, eta Izarok, berriz, irudia sortu du. Hiru emakumeek hartuko dute parte solasaldian: Nekane Txapartegik berak, Iraitz Lizarragak eta Izaro Lizarragak.
Trebakuntza eskola eta erakusketa ere, aste honetan
Biharkoa ez da izango asteko zita bakarra. Ostegunean, etxeko langileentzako trebakuntza eskola izango da, 'Aldaketa txikiak, inpaktu haundia' izenburupean, arratsaldeko 16:00etan hasi eta 18:00ak bitarte.
Bestalde, ikusgai dago 'Ikusezinen aztarnak' erakusketa, urriaren 11ra bitarte. Erakusketa Gipuzkoako SOS Arrazakeriako etxeko langileen taldeak egin du, eta etxeko lanean dituzten erronkak, bizitza-historiak eta perspektibak collagearen bidez islatu dituzte erakusketan.