'Gerratera garamatzate' hitzaldia eskainiko dute, ostiral honetan, Mari Carmen Basterretxeak eta Adrian Zelaiak. Aintzinera Biltzar Taldeak antolatu du saioa, eta sarrera doakoa izango da. Hitzordua Biteri kultur etxean jarri dute, arratsaldeko 18:30etan. Baieztapen bat eta bi galdera izango dituzte abiapuntu solasaldian: «Gerratera garamatzate. Derrigorrezko soldadutza gizon eta emakumeentzat? Zer egingo dugu?».
Hortik abiatuta, azaleratuko dituzte gaur egungo komunikabideetan «entzutea zail egiten den ikuspegi desberdinak», eta bizi dugun egoeraren inguruan galderak egiteko tartea ere izango da. Matrilineal kulturatik hitz egingo du Basterretxeak, eta ikuspegi sozialdemokratatik ariko da Zelaia.
Mari Carmen Basterretxea antropologian, filosofian eta hezkuntzan doktorea izateaz gain, Donostiako Easo institutu politeknikoko irakaslea ere bada. Aditua da euskal sinesmen eta erritu zaharretan, eta 'Euskal Herria, kultura matrilineala' liburua idatzi du, indoeuropearrak iritsi aurretik euskal arbasoen gizartea nolakoa zen lantzen duen liburua, hain zuzen ere. Adrian Zelaia, bere aldetik, ekonomia aplikatuko irakaslea da EHUn, eta aholkularitza, ikerketa, prestakuntza, informazioa eta komunikazioa lantzen dituen Ekai Center erakundeko lehendakaria ere bada.