Gaurtik bi astez, egunak nabarmen luzatuko dira Hernanin, bakailu pintxoen aitzakian

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 7a, 00:00

Lehiaketako hainbat pintxo, Bakailu Astearen aurkezpenean.

Gaur hasiko da Bakailu Asteko pintxo lehiaketa, herriko 28 taberna eta jatetxetan; eta hilaren 18ra arte izango da pintxoak dastatzeko aukera.

San Joan bezperako egun luzeenetik, pixkanaka joaten dira laburtzen argi orduak, abendura bitarte. Baina Hernanin, duela dozena bat urtetik hona, nabarmen luzatzen dira egunak urrian, bi astez. Izan ere, horretarako aitzakia polita daukate herritarrek, familian edo lagun artean elkartuta, asteko edozein egunetan pintxopotea egin eta ohi baino beranduago etxeratzeko: Bakailu Asteko pintxo lehiaketa, herriko taberna eta jatetxeetan.

12garren edizioa izango du aurtengo Bakailu Asteak, eta gaur bertan hasiko da tabernetako pintxo lehiaketa. 28 taberna eta jatetxek hartuko dute parte, eta urriaren 18ra bitarte izango da pintxoak dastatzeko aukera, baita horiek baloratzekoa ere. 2,5 eurokoa izango da pintxo bakoitzaren prezioa.

Herritarrek aukeratuta, hiru pintxo onenak sarituko dituzte aurten. Horretarako, dastatutako pintxo bakoitza baloratu beharko dute herritarrek, hiru alderdi kontuan hartuta: pintxoaren zaporea, aurkezpena eta zailtasuna. Botoa emateko kutxak urriaren 17ra arte egongo dira tabernetan, eta online ere egin daiteke, QR kodeen bitartez, hilaren 18ko eguerdiko 12:00ak arte. Izan ere, orduantxe banatuko dituzte sariak; bai herritarrek aukeratutako hiru onenenak, eta baita epaimahai profesionalarenak ere. Haiek joan den ostegunean dastatu eta baloratu zituzten pintxo guztiak.

Bakailu Astea girotzeko, beste zenbait ekintza

Pintxo lehiaketaz gainera, beste zenbait ekintza ere prestatu dituzte Hernaniko Udalak eta Berriak elkarteak, Bakailu Astea girotzeko. Horrela, Pil-Pil maskota aterako da kalera datozen egunetan, eta Tximeletak txaranga ere ibiliko da kalez kale ostiral honetan, 19:00etan hasita. Hilaren 18an, berriz, Rockalean izango da ordu berean, asteari bukaera emateko.

Eta larunbat honetan, bisita gidatuak egingo dituzte herrigune historikoan, 10:15etan gazteleraz eta 11:45etan euskeraz. Aldez aurretik eman behar da izena horietarako: turismoa@hernani.eus edo 688 607 838.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!