Dobera Euskara Elkarteak ekimen berria jarri du martxan eta ez nolanahikoa. Olentzero eta Maridomingiren etxea Hernanira ekarri dute eta beraien etxea bisitatzeko aukera izango da. «Ongi etorri gure etxera! Ongi etorri Olentzero eta Maridomingiren etxera!».
Bisita, istorioak eta sekretuak elkarbanatuko dituzte bertan… baita txokolate beroa hartu ere! Bisitari hasiera emateko, galtzagorri bihurrienaren laguntzaz, txondorra osatzeko egur zatiak apainduko dituzte etxeko txikienek!
Hori guztia aurkituko dute bertara hurbiltzen direnek Olentzero eta Maridomingiren etxean, gabonen magia sortzen den lekuan.
Euskal kulturan murgiltzeko esperientzia sortuko da, Arriatxuko eskola zaharrean (Osinaga auzoa, 53) hain zuzen ere. Etxeko txikienek, baita guraso eta familiakideek ere, Olentzero eta Maridomingirekin solasean aritzeko aukera izango dute ordubetez. Murgiltze-esperientzia bermatuko duen antzerkia izango da, formatu txikian eta aforo mugatuarekin; izan ere, «gure helburu nagusia haurrek bertatik bertarako hartu emana izatea da».
Sei egunetan, goizetan bi txanda
Olentzero eta Maridomingiren etxea sei egunetan zabalduko dute: abenduaren 7an, 8an, 14an, 15ean, 21ean eta 22an. Goizetan izango dira saio arruntak, bi txandatan: 10:00etan aurrenekoa, eta 11:30etan bigarrena. Gehienez ere 15 haur sartu ahal izango dira txanda bakoitzean, eta sarrerak eskuragarri egongo dira dobera.eus webgunean, gaur eguerdiko 12:00etatik aurrera.
15 haurretik gorako taldeentzat, berriz, saio itxiak eskatu daitezke arratsaldeetarako. Horietan interesa izanez gero, Dobera Euskara Elkartearekin jarri behar da harremanetan: dobera@dobera.eus posta elektronikora idatzita, 943 33 27 99 telefono zenbakira deituta, edo elkartearen bulegora gerturatuta (Larramendi kalea 11, behea).