«Azken urteetan auzo identitatea eta izpiritua indartzen ari dira Zelabiden»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 5a, 00:00

Juankar auzotarra Zelabideko txosnaren muntaian.

Atzo arratsaldean hasi ziren Zelabideko Jaiak. Gaur izango da egun haundia, eta jende ugari elkartzea espero da. Auzo Elkarteko kideak lanerako gogotsu daude, eta auzoaren egoeraren berri eman diote Kronikari. 

Atzo hasi zenituzten auzoko jaiak. Gogotsu harrapatu zaituzte?

Bai, oso gogotsu hasi ditugu jaiak. Egia da aurretik lan pila bat egin behar izaten dugula, baina emaitza oso ona izaten da. Aurtengoa jaien bosgarren edizioa da, eta iruditzen zaigu auzoko jendeak gogo haundiarekin hartzen duela. Hasi ginenean ez genuen horrelako arrakastarik espero, eta horrekin oso gustura gaude. Berrikuntza modura, egitaraua pixka bat luzatu dugu aurtengoan; ostegunean hasi ginen motorrak berotzen Mikel Bermejoren bakarrizketarekin, eta bihar ere izango ditugu jarduerak. 

 

Osteguneko beroketa arrakastatsua izan zen, ezta?

Bai! Auzoko batek egin zigun bakarrizketa antolatzeko proposamena, eta karpa jada montatuta geneukanez eremua aprobetxatzeko baliatu genuen. 200 pertsonatik gora elkartu ginen bertan, eta oso arrakastatsua izan zen. 

 

Zuentzat noiz hasten dira festak? Noiztik daramazue antolakuntza lanetan?

Beno, berez urte osoan aritzen gara festei buruzko kontuak hitz egiten. Asteroko bileretan askotan proposatzen ditugu jaietarako gauzak, baina azken hilabetean hasten da benetako lana. Festak amaitzen direnean ere ondorengo bi edo hiru asteak luzeak izaten dira. Hala ere, nabaritzen da bost urte daramatzagula jaiak prestatzen, eta inertzia bat hartu dugula. Zenbait jarduera lotuta dauzkagu jada, eta funtzionatzeko modua automatikoagoa da. 

 

Zenbat pertsona elkartzen zarete antolakuntzan?

Jende gutxi... Normalean bost pertsona biltzen gara, baina kopurua beherantz doa. Elkartearekin hasi ginenean 13-14 pertsona elkartzen ginen, eta asko jaitsi da ordutik. Egia da jaietako egunetan jende gehiago animatzen dela bolondres aritzeko, txanda guztiak auzoko jendearekin betetzen ditugu, baina urte osoko lanerako jende gehiago izatea eskertuko genuke. 

 

Jende gutxi, baina gogotsu. Lehen aipatu duzue egitaraua luzatu duzuela aurten... 

Proba hori egingo dugu, bai. Egun potenteena larunbata izaten da, eta lehen sagardo dastaketa eta tortilla lehiaketa ere egiten genituen. Oso egun kargatua geratzen zen azkenerako, eta batetik bestera ez zegoen lasai egoteko tarterik. Horregatik erabaki genuen bi jarduera horiek igandera pasatzea. Horrez gain, aurreko urteetan egitarauan jartzen genuen 'Igandean denok garbitzera!', baina ez zen ia inor animatzen. Bihar ere jarduerak daudenez, espero dugu ondoren auzotar gehiago geratzea festa eremua txukuntzen laguntzeko. 

 

Jarduera berririk sartu duzue egitarauan?

Bai. Helduen jolasena da berritasunetako bat. Iaz era inprobisatuan egin genituen, eta oso ondo atera ziren. Aurten erabaki dugu egitarauan sartzea eta helduei merezi duten tokia eskaintzea. 

 

Gainontzean, DJ Pakoren emanaldia da jarduera arrakastatsuena?

Egia esan bere showa oso oso ondo egiten du, umeentzat eta helduentzat jartzen du festa. Bingoak ere sekulako arrakasta izaten du; bazkalostean karpa osoa betetzen da jolasteko. Egia da sari potoloak izaten ditugula, eta horrek asko erakartzen du jendea. Ostiraleko Holi Fest-a ere oso erakargarria izaten da inguruko haurrentzat. 

Auzo Elkartean jende gehiago elkartzea eskertuko lukete.

 

Zelabide auzo bizia dela esango zenukete?

Aldatzen ari den auzo bat da. Orain dela 5 edo 6 urte sortu genuen elkartea, eta ordutik eraldaketa nabarmena izan da. Lehen auzoak ez zeukan izpiritu edo identitaterik. Hori pixkanaka sortzen eta indartzen joan da, eta horrek indarra eman dio elkarteari ere. Bertan giro polita sortzen da, tabernetan jende asko mugitzen da, eta bizitza dexente daukagu inguruan. 

 

Aipatu duzue jende gutxi zaretela Auzo Elkartean, baina pixkanaka aurrera zoazte. Lokala ere inauguratu zenuten apirilean. 

Hala da, bai. Apiriletik daukagu lokala eta urte osoko jarduerak egiten ditugu bertan; aerorunba, haurren eskulan tailerra edo auzozaintza taldea, esaterako. Lokalean mugimendu asko daukagu, eta lagundu digu erreferentziazko puntu bat finkatzen. Elkarteak behar zuen horrelako zerbait lanean jarraitzeko, aurrerapauso haundia izan da.  

 

Urtea amaitu bitartean jarduera gehiago egingo dituzue?

Urteroko kontuak mantenduko ditugu. Gabonetan Santo Tomas eguneko barra jarriko dugu, eta Olentzerorekin ere zerbait prestatzeko asmoa daukagu. Urtean zehar ere egin ditugu beste jarduera batzuk, eta saiatzen gara hilabete guztietan mantentzen bizitza hori. 

 

Auzoko jendeari zer esango zeniokete?

Jaietan parte hartzeko. Antolatzen ditugun jarduera guztietan laguntza gehiago behar dugu. Orain dela gutxi egin genuen boluntario gehiago elkartzeko bilera bat, eta oso jende gutxi animatu zen. Esango genieke animatzeko eta elkartera hurbiltzeko. Azkenean, beti pertsona berdinak biltzen gara, eta noizbehinka ondo legoke jende berria sartzea.

 

ZELABIDEKO JAIAK

HERNANI

GAUR

10:00, Diana.

10:30, Haurrentzako oztopo probak, atletismo pistan.

12:00, Helduentzako jolasak, Gabriel Zelaia plazan.

12:00, Apar-festa, Bidebieta plazan.

12:30, Bertso saioa, Gabriel Zelaia plazan.

14:00, Paella herrikoia, Gabriel Zelaia plazan.

16:00, Gaztelu puzgarriak, Gabriel Zelaia plazan.

16:00, Toka txapelketa, Eper tabernako plazan.

16:30, Mus txapelketako finala, elkartearen lokalean.

16:30, Aerorumba Jenny Perlazarekin, eszenatokian.

17:00, Giza futbolina, Bidebieta plazan.

17:30, Txokolatada, Sagastialde elkarteak antolatuta.

18:00, Jaien aldeko bingoa, Gabriel Zelaia plazan.

20:00-22:00, Umeentzako dantzaldia, DJ Pakorekin, Gabriel Zelaia plazan.

20:30, Denok afaltzera,
txoznan.

23:00-02:00, Denontzako dantzaldia, DJ Pakorekin, Gabriel Zelaia plazan.

23:30, Zezensuzkoa, Gabriel Zelaia plazan.

00:00, Su-traka, Gabriel Zelaia plazan.

BIHAR

12:00, Patata tortilla lehiaketa, Gabriel Zelaia plazan.

12:00, Sagardo dastaketa, Gabriel Zelaia plazan.

14:00, Jaien amaiera, eta denok garbitzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!