Gaur lehertuko da festa Hernaniko Zelabide auzoan, arratsaldeko 18:00etako txupinazoarekin batera. Asteburu konpletoa antolatu dute auzotarrek festa giroaz gozatzeko, eta ez dira deskantsurako egunak izango auzoan.
Txupinazoa botata, hasiko da festa eta baita lehen ikuskizuna: sabel dantza, eszenatokian. Jarraian, Jaixkipe txarangak alaituko du auzoa. 19:30etan sardina dastaketa egingo dute, Gabriel Zelaia plazan, eta 20:30etatik aurrera, dantza egiteko tartea izango dute, haur, gazte zein helduek, DJ Pakorekin. Gaua zezensuzkoarekin amaituko da.
Bihar izango da festetako
egun haundia
Bihar eta iganderako ere ekintza ugari antolatu dituzte auzotarrek, baina bihar izango da festetako egun haundia. Goizean goiz haurrentzako oztopo probak, helduentzako jolasak, apar festa eta bertso saioa izango dira. Bertsotan arituko dira Hernaniko bertsolari ezagunak: Eñaut Martikorena, Ekain Tolaretxipi eta Iker Ormazabal 'Tturko'. Ondoren, paella herrikoia egingo da, eta arratsalde osoan zehar ere, adin guztietako herritarrentzako jarduerak izango dira: puzgarriak, toka txapelketa Eper tabernan, mus txapelketako finala elkartean edota aerorumba Jennyrekin. 17:00etan giza futbolin jolasa ere egingo da, Bidebietako plazan eta ordu eta erdi beranduago txokolatada. Gaua gerturatzen doala gerriak mugitzeko aukera izango da dantzaldian, eta gaueko 24:00etan su-traka egingo da.
Igandean, jaien azken egunean, bailarako jaietako ohitura errespetatuko da, sagardo dastaketa arrakastatsua. Gabriel Zelaian bertan egingo da, goizeko patata tortila lehiaketaren ostean, eta dastaketarekin batera amaituko dira festak. k