Badator Hernaniko Bakailao Astea, urriaren 7tik 18ra bitarte

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 4a, 00:00

Atzo aurkeztu zuten 12. Bakailao Astea, Plaza Berrin.

Heltzear dago Hernaniko 12. Bakailao Astea, eta 28 taberna eta jatetxek hartuko dute parte aurtengo edizioan.

 

Datorren astelehenean hasi eta hilaren 18ra bitarte ospatuko da Hernaniko Bakailao Astea, eta pintxorik berezienak dastatzeko aukera izango da herriko taberna eta jatetxeetan. Guztira, 28 taberna eta jatetxek hartu dute parte, Hernaniko Udalak eta Berriak, Hernaniko Merkatari eta Ostalarien elkartearekin batera antolatzen duten Bakailao aste honetan. Urteroko egitaraua mantenduko da, baina taberna bat gehiago izango da aurtengo zerrendan, eta pintxoen prezioa igo egin da, pintxo bakoitzaren prezioa 2,5 euro izango da. 

Hernaniko herritarren agendan bere lekua irabazi du Bakailao Asteak, eta 12. edizioa ospatuko du aurten. Gastronomia ekitaldi honek herrian duen harrera ona nabarmendu nahi izan du Patxi Ibargurenek, Tokiko Garapeneko zinegotziak. 

Herriko txikienek ere parte hartzeko aukera izango dute, beraien moduan. Horretarako, Berriakeko dendetako karteletan 'Pil-Pil' maskota topatzeko jokoa proposatu dute, eta maskota topatuz gero, opari bat banatuko zaie umeei elkartean bertan. Bestalde, 'Pil-Pil' bera ere herriko kaleetatik barrena ibilko da egitasmoak irauten duen egunetan, eta harekin argazkia atera eta Berriak-era bidaliz gero, bertako produktuen saski baten zozketan parte hartzeko aukera ere izango da. Horrez gain, hilaren 11n Tximeletak txarangak ere alaituko ditu kaleak, eta Bakailao Astearen azken egunean, Rock Kalen ere izango da.

 

Kaxkoa ezagutzeko 
bisita gidatuak

Pintxoez gain, Hernaniko Kaxkoa ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Hilaren 12an izango dira, Udaleko Turismo sailaren eskutik. Euskarazko saioa goizeko 11:45etan hasiko da, eta gaztelerazkoa, berriz, goizeko 10:15etan, doan.  Hala ere, aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da. 

 

Epaimahai profesionalak 
dagoeneko bozkatu du

Atzo egin zuten Bakailao Astearen aurkezpena, eta bertan egon ziren aurtengo epaimahaiko kideak, partaide guztien pintxoak dastatzen eta euren botoa ematen. Epaimahai profesionala osatzen dute: Eider Mendiolak, Iturralde jatetxetik; Aritz Ansolak, Sansonategi jatetxetik; Miren Lukasek, Oa gozotegitik; eta, Tomas de Diegok Berria elkarteko presidenteak. Dagoeneko erabaki dute zein izango den aurtengo 12. Bakailao Asteko irabazlea, baina ez da jakingo azken egunera arte. Lehen inpresioak elkarbanatu dituzte epaimahaikideek: «Aurten ere nabari da tabernak eta jatetxeak saiatu direla pintxoak pentsatzen eta prestatzen».

 

Herritarren botoa

Urriaren 18an epaimahaikideen erabakia ezagutzeaz gain, herritarrek aukeratutako hiru pintxo onenak ere ezagutuko dira. Profesionalek epaia emateko orduan, ezaugarri bat kontuan hartu dutela nabarmendu dute: «Oso kontuan hartu dugu pintxoaren kontzeptua errespetatzea, barran jarrita eta azkar jateko modukoa izatea alegia». Bestalde, Ibargurenek aipatu du, «zaporea, aurkezpena eta pintxoaren zailtasuna» baloratu beharko dutela herritarrek. Horretarako, tabernetan jarri diren kutxatxoetan edota online, QR kode bidez eman ahal izango dute botoa herritarrek. Kutxatxoa urriaren 17ra arte egongo da, eta online kodea urriaren 18ra bitarte.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!