Joan den urtean bezala, bertako zuhaitzen hazi bilketa egingo du Sagarreta Natur Taldeak, larunbat honetan. Besabitik abiatuko dira, eta goizeko 09:30etan jarri dute hitzordua. Kotxez joango dira bertara, eta norbaitek eramatea behar badu, info@sagarreta.eus helbidera idatzi dezake. Gainerakoan, ez dago izena eman beharrik, hazi bilketan parte hartzeko.
Honakoak dira bilduko dituztenak: haritz eta pago ezkurrak, gaztain aleak eta bestelako haziak. Ondoren, hazi horiek auzolanean eta ikastetxeekin elkarlanean ereiteko erabiliko dituzte. Aurreko urtean jarri zuten martxan Sagarretaren zuhaitz mintegia, Iturolako Burujabetzen Etxean; eta bertan erein zituzten iaz bildutako haziak. Halaxe egingo dute aurten ere, eta helburua da aurrera ateratzen diren zuhaixkak mendian landatzea, bertako basoak sustatzeko.
Ia 400 kilo hondakin bilduta, ibai garbiketan
Bestalde, irailaren 23ko ibai garbiketaren emaitzak jakinarazi ditu Sagarreta Natur Taldeak. Hernaniko Udalarekin elkarlanean antolatu zuten ekintza hura, eta 35 lagunek hartu zuten parte. Guztira, 395,53 kilo hondakin bildu zituzten: inerteak 10,6 kilo; PVCa 18,67 kilo; boluminosoak 6,2 kilo; egurra 95,6 kilo; metala 19,76 kilo; eraikuntzako hondakinak 34,7 kilo; eta neumatikoak 210 kilo (10 gurpil).
Bildutako hondakinak, erakusgai jarriko dituzte urriaren 21ean, Gudarien Plazan.