Hondakin bilketa hizpide izan zen joan den astean, Hernaniko Plenoan, tasaren %30eko igoera onartu zutelako. Horren harira, eztabaidaren puntu bat argitu nahi izan du Andoni Amonarraizek, Hernaniko EAJren bozeramaileak: «Harrituta geratu ginen, alkatea saiatu zenean atez atekoaren gainkostua azaltzen, erraustegiarekin lotu nahian. Argudio hori duela urte asko erabili zuten atez atekoaren defendatzaileek, baina guk behin eta berriro esan ondoren, konturatu ziren ez dela baliogarria. Atez atekoa hondakin bilketa sistema bat da, eta beste bilketa sistema batzuekin konparatu behar da. Eztabaida horretatik kanpo dago erraustegia, hondakinen tratamendurako sistema baita, edozein modutara bilduta ere».
Amonarraizek azaldu du, era berean, hondakinen tasaren igoera babestu zutela Plenoan, legeak hala behartzen duelako: «Baina bi edo hiru urtetan, ikusiko dugu atez ateko bilketa duten herrietako bizilagunek askoz ere gehiago ordainduko dutela, bost edukiontziak dituzten herrietakoek baino. Ezingo da benetako kostua kamuflatu, orain arte bezala. Gaur egun, hondakinak bost edukiontziekin biltzen dituzten udalerriek, Hernanik bezalako emaitzak dauzkate, edo hobeak», dio jeltzaleen bozeramaileak.
Plenoan bertan, ordenantza fiskalen aldaketan abstenitu egin zen EAJ, eta zergatia azaldu du Amonarraizek: «Tasa berri bat sortu dute autobusa behar duten adinekoentzat, jarduera bat egitera, espazio kulturalak bisitatzera edo ospakizun gastronomikoetara joateko. Kolektibo edota elkarteei dirulaguntzak ematen badizkiegu, ez dugu uste gure adinekoek tratu ezberdin bat merezi dutenik. Proposatu genuen, gutxienez, pentsio txikiena dutenak salbuetsita egotea tasa berri horretatik, baina ez zen adostasunik izan. Saihestu nahi genuen pentsio txikiena dutenak geratzea jardueraren bat egin gabe, diru kontuagatik».