Barrenetxeak ezin izan du hirugarren txapela lortu

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 1a, 00:00

Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa finaleko sariekin.

Imanol Ansa urnietarrak bere bigarren txapela jarraian jantzi du, hernaniarra 30-26 garaitu eta gero, Galarretan. 16-23 joan zen aurretik Barrenetxea, baina ezin izan zuen partidua itxi.

Imanol Ansak erremonteko banakako txapela berretsi zuen Endika Barrenetxeari 30-26 irabazita Torneoko final haundian. Bere bigarren txapela irabazi du eta palmaresean birekin jarri da, esaterako Barrenetxea IV.arekin berdinduta, aldiz honek ezin izan zuen bere hirugarren txapela irabazi. Oraingoz atzelari baten hirugarren txapelak itxaron egin beharko du.

Ansa II.ak 14-3ko partziala lortu zuen amaieran, eta 16-23tik 30-26ra pasa zen finala. Barrenetxeak partiduaren kontrola zuela zirudien, baina aurrelari urnietarra zerbait gehiago arriskatzen hasi zen eta oldarkorragoa izan zen azkenean. Horrek saria izan zuen. Beste behin ere fisikoki fresko bukatu zuen partidua. Hernaniarrak saketik falta egin zuen azken tantoan, partidua 30-26 itxiz.

Ez zen finalik onena izan. Kosta egiten zitzaien askatzea, eta ez ziren inoiz eroso sentitu kantxan. Partiduak ez zuen peloteo askorik izan. Berdinduta hasi zen, baina, Barrenetxea 11-15 aurreratu zen.

Bi pelotariak lehen atsedenaldian esertzera joan ziren eta Ansa kementsuago altxatu zen. Erreakzio txiki bat izan zuen eta tanto bakarrera jarri zen, 15-16, baina Barrenetxeak sakearekin bere momenturik onena izan zuen eta 1-7ko beste partzial batekin 16-23 ihes egin zuen. Ansak ez zuen etsi. Bazekien gehiago arriskatu behar zuela eta horrela izan zen. Sakearekin asko hobetu zuen, ordura arte asko sufritu zuen hormari eutsi ezinik, eta aukera zuenean bi paretetara bukatzen zuen tantoa.

Ansa, zazpi tantoko desabantaila pixkanaka murrizten joan zen, eta bosgarren berdinketa jarri zuen markagailuan, 24nakoan. Lau tantoko abantaila erabakigarria lortu zuen urnietarrak 29-25ekoan. Barrenetxeak 26koa egin zuen, baina bere hirugarren sake-faltarekin itxi zuen partidua Ansak, 30-26.

 

«Geldialditik kale edo bale egitera irten da eta ongi irten zaio»

Endika Barrenetxeak, kiroltasunez, Imanol Ansa zoriondu zuen partidua amaitzean: «Partiduak 30era dira. 23raino egindakoak ez du balio gero ez baduzu partidua ixten. Geldialdia eta gero bera hobeto atera da, animali zauritua bezala. Kale o bale irten da eta ongi irten zaio. Ez dago besterik. Zorionak ematen dizkiot txapelagatik. Orain hurrengo txapelketa prestatu behar da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!