«Inoiz baino jende gehiago hurbildu zen azokara, parte hartzeko gogo haundiarekin»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 1a, 00:00

Interes haundia sortu zuten postu guztiek.

Momenturo izan zen zer egin eta zer ikusi Hernaniko IV. Liburu eta Disko Azokan. Liburuz eta diskoz josita zeuden 22 postuez gain, tailerrek, emanaldiek eta kontzertuek ere, arrastaka haundia izan zuten.

Euskal Herriko literatura eta musika bildu zituzten 22 postuez gain, magia ikuskizuna, liburu eta diskoen aurkezpenak, ipuin kontaketa, tailerrak, bakarrizketa eta kontzertua ere izan ziren larunbatean, IV. Liburu eta Disko Azokan. Uneoro ibili zen jendea aurrera eta atzera, postu batetik bestera. Dobera Euskara Elkarteko kideak oso pozik daude egindako lanarekin, eta egunak berak izan zuen arrakasta eta une politengatik: «Inoiz baino jende gehiago hurbildu da azokara, eta gainera, parte hartzeko gogo haundiarekin». 

Azokaren irekierarekin batera hasi zen lehen ekintza, Asier Kidam magoaren magia ikuskizuna, goizeko 11:00etan. Ordurako jada bazeuden haurrak jolasean eta magoaren ikuskizunaren zain. «Sekula ez da hainbeste jende bildu goizean goizetik, eta larunbateko lehen ekintzan jada jende ugari gerturatu zen azokara», nabarmendu dute elkartekoek.

Eguerdiko 11:45etan hasi ziren liburuen aurkezpenak, ilaran. Lehena, Manex Beristainen Azken galdera amari liburua izan zen, eta aurkezpen musikatua eskaini zuen. Ondoren, Ekaitz Bergaretxek Masusta erreximenta liburua aurkeztu zuen. Idazleaz gain, bertan egon ziren, Andrea Bella, azal-ilustratzailea, eta Idoia Noble, aurkezle eta elkarrizketatzailea. Azkenik, Hatsaren poesia liburuan parte hartzen duten zenbait poetek, poesia errezitaldia eskaini zuten. 

Jarraian, ipuin kontaketa egin zen Haur Txokoan, Ixabel Agirresaroberen eskutik, eta arrakasta haundia izan zuen, haur asko gerturatu baitziren txokora. Eta bazkaltzera joan aurretik, bi hitzordu. Batetik, bertso saio literarioa, Hernaniko Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolarien eskutik, eta bestetik, Aldapeko Basque Latin Jazz taldeko lagunen kontzertua. Giro polita sortu zuten bi emanaldiek.

Bazkalduta eta indarrak berreskuratuta, arratsaldeko saioa ere bikain joan zen, herritarrak eta bisitariak zebiltzan uneoro, liburuak erosten, ekintzetan parte hartzen, kuxkuxean, eta azokaren inguruan galdetzen. Zapotxin Hernaniko pailazoak musika ikuskizuna ere eskaini zuen. 

Egun borobila izan zela azaldu dute Doberako kideek, eta jada datorren urteko azokan dute burua, bosgarren edizioan hain zuzen ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!