Duela 18 urte Kronikan

Natzak frankismoari buruzko argazki erakusketa inauguratu zuen herenegun

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 30a, 08:49

Joandakoak argazkiei begira, ekitaldia hasi aurretik.

2006ko irailaren 30eko Kronikan argitaratutako albistea
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Erakusketari Mertxe Etxeberriak egin zion sarrera eta ondoren Jon Ostolaza eta Mertxe Olidenek kantu batzuk eskaini zituzten. Inaugurazioan 60 bat lagun izan ziren. Erakusketa urriaren 11ra arte dago ikusgai.

Herenegun inauguratu zuen Natza kultur elkarteak Frankismoa Hernanin, 36/06 argazki erakusketa. Ekitaldia Errotan egin zuten, Natzaren Antziolako lokalean eta bertan, elkarteko kide batek eta Alkate izandako Mertxe Etxeberriak hartu zuten hitza. Ondoren, Mertxe Oliden eta Jon Ostolazak Agur Intxorta Maite diskoko kantu batzuk eskaini zituzten. Bukatzeko, luntx bat izan zen joandako guztientzat.

Jende dezente

Inaugurazio ekitaldira 60 bat lagun inguratu ziren eta gehienak argazkiei hadi-hadi begira geratu ziren lokalera sartu orduko. Batzuk senitarteko eta lagunak ere errekonozitzen zituzten argazkietan. Ekitaldiari Natzako kide batzuk eman zion hasiera eta Joseba Sarrionaindiaren Kolosala izango da liburuko pasarte bat irakurri zuen, frankisten okupazioari buruzkoa. Horren ondoren, jakinarazi zuen Natzak oso garrantzitsua deritzola gure herriko historiako zati hura ez ahaztea eta ezinbestekoa dela nor garen eta nondik gatozen jakitea aurrera egiteko. Hitz hauek esanda, Mertxe Etxeberriari eman zion hitza.

´Gure herria okupatu zutenak lasai dabiltza`

Mertxe Etxeberriak hitza hartu eta frankismoa Hernanin sartu zeneko garai latzak ekarri zituen gogora. Lehendabizi, Hernaniko fusilatuetaz aritu zen eta aipatu zuen Cuesta de la Muerte inguruan egiten zituztela fusilamenduak, ´hildakoak gurdi batean eramaten zituzten, pilatuta, eta odola zeriotela, bidean arrastoa utziz`. Mertxek gutxienez 120 fusilatu izan zirela zioen, eta emakume batek 300era arte igo zuen kopuru hori, jende artetik. Frankistak herrian sartu zireneko egunak ere gogoan zituela erakutsi zuen Mertxek, ´oso krudelak izan ziren frankistak, emakumeei ilea moztu, rizino olioa bota eta kalean barrena eramaten zituzten, jendeak ikusteko. Beldurra eragitea zuten helburu eta lortu zuten`. Bere etxean ezkutuan ibiltzen zirela gainetsi zuen, frankisten aldekoek susmorik izan ez zezaten, ´irratia baju-baju jarri behar izaten genuen, Radio Paristik Aita Onaindiak euskeraz egiten zuen saioa entzuteko. Azkenean, hori ere kendu zuten`. BHko zerrendaburuak salatu zuen orduko frankistak bizirik daudela eta ez dela ezer egin beraien aurka, ´gu udaletxean egon ginenean Franco herriko seme kuttuna zen`. Horren inguruan, adierazi zuen genozidio hura ezin dugula bere horretan utzi, bestela `gure pasibotasunarekin hildakoak zanpatzen ari garelako` eta entzuleei gaurko gizartearei buruzko hausnarketa bat eskatu zien, ´beldur naiz-eta, arimarik gabeko gizartea sortzen ari ote garen`.

‘Agur intxorta maite’

Hitzaldiaren ondoren, Jon Ostolaza soinu joleak hartu zuen mikroa eta jo beharreko kantuen azalpena eman zuen. Agur Intxorta Maite diskoan bildu diren bertso eta kantu zahar batzuk abestu zituen Mertxe Olidenek, Ostolazak soinuarekin lagunduta. Txalo zaparradaren ondoren luntxarekin bukatu zen inaugurazioa.

Urriaren 11ra arte ikusgai

Erakusketa urriaren 11ra arte egongo da ikusgai, astean zehar, 18:00etatik 21:00etara, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara eta egunero dokumentalak proiektatuko dituzte. Ostiraletan (18:00etan) eta larunbatetan (12:00etan) Mikel Arrietak azalpenak emango ditu gerrari buruz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!