Lehenengo aldiz, Kirol eta Jarduera Fisikoaren Astea antolatu du Hernaniko Udalak. Gaurtik hasi eta larunbatera bitarte, 30 ekimen ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Ekitaldi sorta Udalak eta herriko eragileek elkarlanean antolatu dute, eta jarduera fisikoa eta zaintza izan dute ardatz.
Egitaraua osatzeko garaian, herriko klubekin, eragileekin eta norbanakoekin batera egin dute lan, datozen egunetan izango diren kirol-jarduerak probatzeko saioak, mahai-inguruak, edota tailerrak erabakitzeko orduan.
Gaurko jarduerak
Goizean aurkezpena eta arratsaldean jarduerak izango dira lehen egunean. Aurkezpen ekitaldiarekin hasiko da eguna, goizeko 11:30etan Sandiusterrin jarri dute hitzordua. Bertan, Jarduera Fisikoaren Orientazio zerbitzuaz jardungo dute.
Arratsaldean asiko da mugimendua. Bi saio ezberdin, ordu berean. Batetik, eskubaloia probatzeko saioa, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara Atsegindegin. Bestetik, saskibaloia probatzeko saioa, ordu berean, Latsunben.
Eguna borobiltzeko, hitzaldia antolatu dute: Norberaren zaintza, Maddalen Landaberearen eskutik. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da, Sandiusterrin.
Bihar, asteartea
Bihar goizetik hasiko dira jarduerak. Lehen hitzordua goizeko 10:30etan izango da, udal kiroldegian. Bertan Hartubol probatzeko saioa egingo da, Goiz Eguzkiko kideekin batera. 11:00etan hitzaldi praktikoa izango da Biteri Kultur Etxean: Ipar martxa, Xabier Madinaren eskutik.
Bazkalostean, indarrak hartuta, hiru jarduera ezberdin egongo dira aukeran, guztiak ordu berean, arratsaldeko 17:00etan hasi eta 18:00ak bitartean. Batetik, boleibola probatzeko saioa egongo da Atsegindegin, bestetik, bizikleta ginkana Gabriel Zelaiko pistetan, eta azkenik, pala saio parte-hartzailea Ezkiagako pilotalekuan.
Kirol ezberdinak probatu ostean, hitzaldiarekin amaituko dute eguna: Osasuna, gaixotasuna eta jarduera fisikoa, Maren Martinez de Rituertoren eskutik. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da, Sandiusterrin.
Herritar guztientzat irekiak
Asteazkenetik aurrera ere dinamika antzekoa izango da, goizeko eta arratsaldeko lehen orduetan jarduera, tailer eta kirol ezberdinak probatzeko saioak egingo dira, eta eguna amaitzeko hitzaldi, mahai-inguru eta ikastaroak. Adin-tarte guztietako herritarrei irekiak izango dira jarduerak, eta horrela, denen artean, herriko espazio ezberdinak jarduera fisikoaren eta kirolaren erdigune bihurtzea bilatuko da.