V. Kromiki lehiaketa antolatu du Doberak, haur, gazte zein helduentzat

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 29a, 00:00

Euskarazko komikigintza, euskal kultura, sorkuntza eta irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin antolatutako ekimena.

 

Dobera euskara elkarteak bosgarren urtez ospatuko du Kromiki lehiaketa. Haur, gazte nahiz helduentzat da, eta euskarazko komikigintza sustatzeaz gain, euskal kultura, sorkuntza eta irakurzaletasuna bultzatzeko helburua du. Urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke lanak, euskarri fisikoan nahiz digitalki.

Egile bakoitzak jatorrizko ale bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketan, eta hiru adin tarteetan banatuko da ekimena: haurrak, 6-11 urte bitartekoak; gazteak, 12-17 urte bitarteakoak; eta, helduak, 18 urtetik gorakoak. Haurren kasuan, ez da lehiaketarik egingo, hainbat sari zozketatuko dira. Gazteen eta helduen kasuan, berriz, kromiki onenari emango zaio saria.

Oinarriak

Kromikiak Hernanirekin zerikusia izan beharko du, eta ez du aldez aurretik beste inon aurkeztua izan behar. Euskaraz idatzia izan beharko du ezinbestean, eta 26 x 7,3 cm-ko tamainan. Egileak aukeratutako estiloan, eta zuri-beltzean zein koloretan egin ahal izango da.

Beraz, lehiaketaren helburu nagusietako bat euskarazko komikigintza sustatzea izanik, euskaraz ez dauden lanak baztertuak izango dira, eta komiki muturik ez da onartuko. Bestalde, umore edo kutsu matxista, arrazista eta homofoboa duten lanak ez dira onartuko.

Lanak aurkezteko azken eguna, urriaren 31 izango da. Ezinbestekoa izango da egilearen datuak adieraztea, besteak beste, izen-abizena, telefono zenbakia, adina eta posta elektronikoa.

 

Sariak

Saria adin tarte guztietan berdina izango da: Komiki Azokan erabiltzeko opari txekea. Haurren kasuan, zozketa bidez banatuko dira sariak, eta gazteen eta helduen kasuan, berriz, kromiki irabazleari banatuko zaio saria. Bestalde, irabazleen kromikiak Kronikan argitaratuko dira, eta horrez gain, aurkeztutako kromiki guztiekin liburuxka bat ere egingo da, PDF formatuan.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!