Badator udazkena Kulturarteko Plaza Feministara, ekimenez lepo

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 29a, 00:00

Liburu aurkezpenak, trebakuntzak, topaketak eta erakusketak, besteak beste, udazken honetan.

 

Udazkenarekin batera, urriko egitaraua antolatu du Kulturarteko Plaza Feministak, eta tartean, liburu aurkezpenak, trebakuntzak, topaketak eta erakusketak izango dira hilabete osoan zehar.

Urriko lehen ekintza, Finantza Etikoen eta Bidezko Merkataritzaren jardunaldia izango da, Oikokredit Euskadi, Kidenda eta Euskadiko Finantza Etikoa Elkarteak antolatuta. 

Bi liburu aurkezpen ere izango dira: urriaren 8an, Iraitz Lizarragaren 'Zenbat lo', eta 25ean, Irantzu Varelaren 'Lo que quede'. Lehenengoa, album ilustratua da, eta Nekane Txapartegiren bizipenak abiapuntu hartuta, haur batek kartzelarekin eta preso dagoen amarekin duen harremana kontatzen du. Idazleaz gain, Txapartegi bera eta liburuaren ilustratzailea den Izaro Lizarraga ere izango dira aurkezpenean. Bigarrenean, Irantzu Varela kazetariak 'Lo que quede' aurkeztuko du, eta Su Fernandezek gidatuko du saioa.  

Urriaren 11n, arratsaldeko 18:00etan hasita, Kulturarteko Plaza Feminista bera hartuko da hizpide, eta proiektuaren garapenaren inguruko lan-saioa egingo da. Proiektua bera ebaluatu, partekatu eta garatzeko borondatea duen oro izango da gonbidatua.

Bestalde, Amher-Sos Arrazakeriak etxeko langileentzako trebakuntza eskolarekin jarraituko du, eta urriaren 10ean 'Aldaketa txikiak, inpaktu handiak' landuko dute. Bestalde, urriaren 21ean, Amher-eko emakumeen topaketak ere ospatuko dira.

Urriaren 29rako, Amher-Sos Arrazakeriak, Stop Kaleratzeak eta Hernani Burujaberen Etxegura herritar taldeak elkarlanean, lan-saioa antolatu dute. Galdera batetik abiatuko dute saioa: Hernanin ezinezkoa al da etxebizitza alokatzea?. Abiapuntua hori izanda, egoera eta esperientziak biltzea izango da helburua.

 

Transare, urriaren 19an

Loratuz Lotu trans helduentzako elkarteak, Transare antolatu du, Gipuzkoako trans topaketa irekia. Kulturarteko Plaza Feministan izango da, urriaren 19an. Hain justu, hurrengo egunean, urriaren 20an, Trans Despatologizazioaren Nazioarteko Eguna izango baita. 

 

Ikusezinen aztarnak eta 
Errudunak?, ikusgai

Bi erakusketa egongo dira ikusgai: Ikusezinen aztarnak eta Errudunak?. Lehena, bihartik urriaren 11ra bitarte egongo da ikusgai. Bertan, Sos Arrazakeriaren Gipuzkoako Etxeko Langileen taldeak, collage bidezko hausnarketa osatu du. Bigarren erakusketa, urriaren 14tik 31ra egongo da ikusgai, eta Karmele Lahoz artista performatiboaren instalazio bat erakutsiko da, artea eta kazetaritza uztartzen dituena, genero indarkeriaren inguruan.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!