Pankarta arrazisten aurrean jarrera «irmoa» adierazi du Amherrek. Duela egun batzuk, Hernanin 'Etorkinak kanpora' zioten hiru pankarten harira egin dute salaketa, eta horrelako «lelo iraingarrien» atzean dagoen arriskua nabarmendu dute: «'Etorkinak kanpora' zioten hiru pankarta anonimo, baina lauburudunak agertu ziren. Lelo iraingarri horren atzean, oso arriskutsua den jarrera arrazista eta mehatxatzailea dago». Gainera, jarrera hauek lehenago ere ikusi izan dituztela ere salatu dute: «Ez da lehenengo aldia, antzeko pankartak eta pegatinak ikusi izan ditugu gure eskualdean».
Amher-en eskutik, irmoki salatu nahi dituzte pertsona migranteen aurka hedatzen ari diren jarrerak eta ekintzak. Hauek aurreiritzi eta gezurretan, fake news delakoetan, oinarrituta daudela azaldu dute, «indar politiko batzuen interesek eta haien inguruko hedabideek bultzatuta». Migratzea, batzuetan, ez dela aukera bat azaldu dute: «Oso prozesu gogorra da, pertsonak bere familia, herria, kultura, atzean uzten du, bere herrialdean bizitza duin bat eramatea ezinezkoa zaionean». Bestalde, migratzea «eskubide» bat dela ere aldarrikatu dute.
«Ezin dugu ahaztu euskaldunok ere migranteak izan garela historian zehar, eta gaur egun etorkin berrien aurkako aurreiritzi zein antzeko jarrerak pairatu izan genituela ere. Nola izan daiteke orain gure herrietara iristen diren bizilagun berrien kontra jartzea?», gaineratu dute.
«Euskal Herrian, Hernanin, denontzako tokia» dagoela gogorarazi dute. «Kontziente gara gabezi asko daudela migranteei harrera egokia eta duina bermatzeko unean, ahalegin handiak egin behar direlako arlo materialetan, izan etxebizitzan, erregularizazioan, hezkuntzan, arlo emozionalean, herriko parte hartzean... Hala ere, jarrera arrazistek zailagoa egiten dute eskubide hauek bermatzea, baita ere gure gizartearen parte diren komunitate ezberdinen arteko elkarbizitza».
Arrazismoari aurre egiteko, bertakoen inplikazioa «ezinbestekoa» dela azaldu dute: «Klabea gu geu gara, etxetik hasita».