«Ipuin kontaketetara guraso gazte asko etorri zaizkit, saiora sartu eta haurrekin batera entzun nahi dutenak; oso gauza ederra da hori»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

Ipuinak kontatzen ikasteko saioa eskainiko du Ixabel Agirresarobek, 18:00etan Atsegindegin, azokako tailerren txokoa estreinatzeko.

Txoko berri bat estreinatuko du Hernaniko Liburu eta Disko Azokak, gaurkoan, Atsegindegin. Tailerren txokoa batuko zaie azokako postuei eta haurren txokoari. Eta bi txokoetan, Ixabel Agirresarobe arduratuko da bertaratuak ipuinen munduan murgiltzeaz. Eguerdian, haurrentzako ipuin kontaketa eskainiko du haurren txokoan, 12:30etan hasita. Eta arratsaldean, 'Konta ditzagun ipuinak' tailerra eskainiko du, familia osoari zuzenduta, 18:00etan tailerren txokoan.

Tailerrean, aurrena, Agirresarobek azalduko du «ipuinak kontatzeko ohitura nondik datorren eta zein erabilera izan duten»; eta ondoren, saio praktikoa egingo dute, taldeka antolatuta, ipuinak osatu eta kontatzeko, «entretenimendu gisa, norberak daukan abilezia praktikan jarri eta elkarrekin ondo pasatzeko».

Hainbat teoria daude ipuinen jatorriaren inguruan, eta horietako bat du gustuko Ixabel Agirresarobek: «Oso aspaldi, gizakiok ikusi genuen munduak bazeuzkala fenomeno batzuk, zergatik gertatzen ziren ulertzen ez genuenak. Ekaitza, ilargia, eguzkia... Horiei zentzua eman nahian sortu ziren mito batzuk, normalizatu egin zirenak eta, kasu askotan, erlijio bilakatu zirenak. Gertatzen denaren zergatia ulertzeko modu bat izan dira ipuinak».

Ipuinen transmisioaz bai­kor azaldu da Agirresarobe: «Etxe­etan, ziurrenik, galdu egin da ipuinak kontatzeko ohitura. Baina, aldi berean, oso oso gauza ederra gertatu zait ipuin kon­taketa saioetan. Guraso gazte asko etorri zaizkit, saiora sartu eta haurrekin batera ipuina entzun nahi dutenak. Ni honetan hasi nintzenean, duela ia 35 urte, ipuin kontaketak ez ziren oso arruntak. Eta ezjakintasun horretan, gurasoak ere sartzen ziren saioetara, ez ordea entzuteko asmoz; haurren aldamenean egoten ziren, baina askotan kontu kontari, beraien artean. Orain, aldiz, ikusi dut gu­rasoek interesa dutela ipuinak entzuteko, eta pentsatzen dut garrantzia emango diotela transmisio horri. Badaukat esperantza, transmisioa emango dela».

Ia kasualitatez hasi zen ipuin kontaketan, ezezaguna zitzaion mundu batean: «Antzerki eskolako ikaskide batek, ipuin kontaketa bat egitea eskatu ziotela eta, galdetu zidan ea lagunduko nion, ez zelako ausartzen euskeraz saio oso bat egiten. Ilusioa egin zidan, probatzera animatu nintzen, eta konturatu nintzen gustura egingo nukeela saio oso bat ere. Horrelaxe hasi nintzen, eta gaur arte». 

Saioz saio dabil orain, eta badu erronka bat une honetan: helduentzako ipuin kontaketak zabaldu daitezela. «Antolatzaile batzuek gustura hartzen dituzte helduentzako saioak, baina beste batzuk ez dira ausartzen, eta kostatzen ari da».

Ipuinak kontatzeko zenbait gako, gaurko tailerrean

Agirresarobek adierazi du ez dagoela «klabe magikorik» ipuinak kontatzeko: «Oso pertsonala da ipuin kontaketa. Musikarien artean bezalaxe, bakoitzak dauka bere estiloa, eta bere erara transmititzen du. Nik kontalaritza barrutik sentitu eta egin izan dut beti». Baina, bere es­perientzia horretatik, teknika eta oinarri batzuk emango ditu, «niri balio izan didatenak». Edonola ere, nahiago du saioa praktikoa izatea: «Jendeak galdetu dezala zergatik egin dudan gauza bat edo bestea, eta azaltzen saiatuko naiz».

Gainera, kontaketaren «intentzioa» ez da beti berbera izaten: «Batzuetan, entretenitzeko izaten da. Beste batzuetan, aldiz, kontaketa baliatzen da hizkuntzarekin ere gozatzeko. Istorioa xinplea izan arren, hizkuntza horrekin gozatuz gero, entzuleak nahi gabe hartuko dio aprezio haundiagoa hizkuntzari».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!