Inoiz baino postu gehiago eta egitarau bete-betea, Liburu eta Disko Azokak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

Bi haur, ipuin bakarra aukeratu ezinik, joan den urteko Liburu eta Disko Azokan.

Hernaniko Liburu eta Disko Azokaren laugarren edizioak hartuko du Atsegindegi gaur, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30etara. 22 postu izango dira azokan, liburuen eta diskoen aurkezpenak egun osoan zehar, eta magia, bertso, poesia, ipuin, pailazo, bakarrizketa eta musika emanaldiak ere bai.

Indartsu dator Hernaniko Liburu eta Disko Azokaren laugarren edizioa. Euskerazko lanen erreferente bilakatzen ari da Dobera Euskara Elkarteak prestatutako erakusleihoa, eta 22 postu izango ditu aurten, joan den urtean baino bost gehiago. Gaur goizean eta arratsaldean izango da horiek bisitatzeko aukera, Atsegindegin.

Honakoak dira, zehazki, azokan egongo diren argitaletxe, elkarte eta sortzaileak: Dobera, Bertsolari aldizkaria, Katakrak, Pamiela argitaletxea, Ikastolen Elkartea, Xabiroi, Karena musika taldea, Alberdania, Dakit argitaldaria, Balaunka, Hernani Errotzen, Herrima argitalpenak Kultur Elkartea, DDT argitaratzailea, Hatsa elkartea, Su Ta Gar, Erein, Igela, Potx eta Lotx, Susa literatura argitaletxea, Elkar Hernani liburudenda, Manex Beristain, Zapotxin eta Eguzkilore liburuak.

Goizeko 11:00etan irekiko dute azoka, eta 14:30ak arte egongo dira postuak zabalik, goizeko txandan. Arratsaldez, berriz, beste bi ordu eta erdiz izango dira bertan, 17:00etatik 19:30etara. Gai­nera, egileak ere egongo dira hainbat postutan, liburuak eta diskoak sinatzen.

 

Mota guztietako emanaldiak, liburu eta disko aurkezpenak, eta bi txoko berezi

Postuak ez dira izango, ordea, azokaren gozagarri bakarra. Izan ere, egitarau bete-betea prestatu dute egun osorako, eta denetik izango da Atsegindegin bertan. Hain juxtu, Asier Kidam magoaren ikuskizunarekin emango diote hasiera azokari, eta hiru libururen aurkezpenak izango dira segidan: Manex Beristainen 'Azken galdera amari'; Ekaitz Bergaretxeren eta Andrea Bellaren 'Masusta erreximenta'; eta 'Hatsaren poesia' olerki bilduma. Ondoren, ipuin kontaketa saioa eskainiko du Ixabel Agirresarobek, haurren txokoan. Eta goiza borobiltzeko, bertso saio literarioa, Andoni Rekondoren eta Iker Ormazabal 'Tturko'ren eskutik; eta kontzertua Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin.

Arratsaldea ez da apalagoa izango, inondik inora. Zapotxin pailazoaren emanaldi musikalak emango dio hasiera azokaren bigarren zatiari, eta beste bi aurkezpen izango dira ondoren: Yolanda Arrietaren 'Etxe bat norberarena' liburuarena; eta Karena musika taldearen 'Loak irauteko' diskoarena.

Arratsaldeko 18:00etan izango da aurtengo azokaren nobedadeetako bat: tailerren txokoa estreinatuko dute. Bertan, ipuinak kontatzen ikasteko saioa eskainiko du Ixabel Agirresarobek berak, familientzat.

Gorka Olazabalek jarriko dio umore puntua arratsaldeari, ordu erdiko bakarrizketarekin; eta musikak borobilduko du aurtengo azoka, Ai Ama taldearen eskutik: bertaratuak dantzan jarriko dituzte Kristiñe Solanok eta bere ikasleek.

5 euroko deskontu bonoa, Doberako bazkideentzat

Aurtengo azokaren beste nobedadeetako bat da, Doberak bere bazkideentzat prestatu duen 5 euroko deskontu bonoa. Azokan bertan, Doberaren postuan eskuratu ahal izango dute bonoa bazkideek, izen-abizenak esanda; eta azokako edozein postutan erabili ahal izango dute hori, liburuak edo diskoak erosteko. Aukera aprobetxatzera animatu dituzte bazkide guztiak.

 

HERNANIKO IV. LIBURU ETA DISKO AZOKA

GAUR, Atsegindegin

11:00-11:30, Azokaren irekiera, eta magia ikuskizuna Asier Kidam magoaren eskutik.

11:45-13:15, Liburuen aurkezpenak:

  • 11:45etan, 'Azken galdera amari'. Manex Beristainen aurkezpen musikatua.
  • 12:15etan, 'Masusta erreximenta'. Ekaitz Bergaretxe idazlea, Andrea Bella azalaren ilustratzailea, eta Idoia Noble aurkezle eta elkarrizketatzailea.
  • 12:45etan, 'Hatsaren poesia'. Liburuan parte hartu duten zenbait poetaren errezitaldia.

12:30, Haurrentzako ipuin kontaketa, Ixabel Agirresaroberen eskutik, haur txokoan.

13:15-14:00, Bertso saio literarioa, Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariekin. Gai-jartzailea: Markel Oiarzabal.

14:00-14:30, Kontzertua: Aldapeko Basque Latin Jazz taldea.

17:00-17:30, Zapotxin pailazoaren musika ikuskizuna. Koloretako emanaldi musikala.

17:30-18:30, Liburu eta diskoen aurkezpenak:

  • 17:30etan, 'Etxe bat norberarena'. Yolanda Arrietarekin solasaldia.
  • 18:00etan, 'Loak irauteko'. Karena taldearen diskoaren aurkezpena, eta kontzertutxo akustikoa.

18:00, Familientzako tailerra: 'Konta ditzagun ipuinak', Ixabel Agirresaroberen eskutik, tailerren txokoan.

18:30-19:00, Bakarrizketa, Gorka Olazabal umoregilearen eskutik.

19:00-19:30, Kontzertua: Ai Ama taldea, Kristiñe Solano eta bere ikasleekin.

19:30, Azokaren itxiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!