Igande gauean, 23:30ak aldera hainbat herritarrek zenbait kotxe sutan zeudela ohartarazi zieten Ertzaintzari eta Hernaniko Udaltzaingoari. Ertzaintzak jakinarazi duenez, guztira bederatzi kotxe erre ziren, eta ustezko su-emailea momentuan bertan atxilotu zuten. Orain, epailearen aurretik pasatzeko zain dago.
Lehendabizi Atzietan, ondoren Izpizuan, eta azkenik Nafar kalean
Ertzaintzak azaldu duenez, lehendabiziko sutea Atzieta kalean izan zen. Bertan Seat Ibiza eta Hyundai Getz markako bi kotxe erre ziren. Ondoren, ustezko su-emailearen atzetik zenbiltzala, Izpizua kaleko beste bi kotxe ikusi zituzten sutan: Volkswagen markako furgoneta bat eta Citroen Saxo bat. Eta segidan, Nafar kalean ere Opel Antera markako kotxe bat sutan zegoela konturatu ziren. Horrez gain, bost kotxe hauen suteek, beste lau kotxeetan su-kalteak eragin zituzten.
Urnietan erre ziren kotxeekin erlazionatu du atxilotua Ertzaintzak
Larunbat goizaldean beste bost kotxe erre zituzten Urnietako Zabaleta kalean, eta Ertzaintzaren ustetan, atzo atxilotutako gazteak erlazio zuzena izan dezake sute horiekin. Hala izango balitz, guztira 14 lirateke erretako kotxeak.
Ustezko su-emaileak egunkari paperak, trapuak eta hiru metxero zituen
Ustezko su-emailea, 24 urteko gaztea, suteak izan ziren kaleen inguruan atxilotu zuen Ertzaintzak. Adierazi dutenez, egunkari paperak, trapuak eta hiru metxero zituen poltsikoan.