'Inmigrazioa eta abertzaletasuna' liburua idatzi du Pako Sudupek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 00:00

Pako Sudupe, liburua eskuetan duela, Donostiako Udal Liburutegiko balkoian.

Bertan jaso du, indar abertzaleen artean nolako diskurtsoak sortu dituen Hego Euskal Herrira etorritako migratzaile kopuru haundiak, hiru epetan.

'Immigrazioa eta abertzaletasuna' liburua kaleratu berri du Pako Sudupe Elortza idazle hernaniarrak, Udako Euskal Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Bertan, Sudupek aztertu du nolako diskurtsoak sortu ziren indar abertzaleen artean, Hego Euskal Herrira migratzaileen kopuru haundiak iritsi ziren hiru epe jakinetan: 1876 eta 1936 urteen artean; Frankismo garaian, 1950 eta 1970 urteen artean; eta 2000 urtetik aurrera.

Liburuaren oinarrian daude «euskeraz bizi nahi duen idazle bati egungo immigrazioak sortzen dizkion galderak», eta horietatik abiatutako bilaketa: «Zer idatzi dute Euskal Herriko eta Kataluniako abertzaleek immigrazioaz, XIX. mendearen hasieran eta XX. mendean zehar?».

Sudupek azaldu duenez, gutxienez hiru faktore garrantzitsu izan dira, Hego Euskal Herriko kontzientzia nazionala sortzeko garaian: «Gerra karlistetan galdu izana; horren ondorioz foruak galdu izana; eta migratzaileen etorrera masiboak».

Aipatutako hiru garaietan, indar abertzaleen aldetik sortutako diskurtsoak azaldu ditu Sudupek: «Ez inola ere modu exhaustiboan, lagin batzuen bitartez baizik. Eta azterketa horretan, hizkuntzari garrantzi berezia ematen zaio».

170 orrialdeko lana osatu du Sudupek, eta dagoeneko eskuragarri dago ueu.eus/denda webgunean, 18 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!