Igande honetan ekingo diote Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari bailarako beste bi bertsolarik: Andoni Mujika 'Anatx' osiñagarrak eta Eñaut Martikorena hernaniarrak. Andoaingo Bastero kulturgunean egokitu zaie, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Hernaniko Bertso Eskolako bi kideekin batera, June Aiestaran, Endika Igarzabal, Manex Mujika eta Aitor Salegi oholtzaratuko dira. Final zortzirenetako saio hau irabazten duena zuzenean pasako da final laurdenetara, eta gainontzekoek puntuazioari erreparatu beharko diote.
Martikorenarentzat hirugarren Gipuzkoako Txapelketa izango da aurtengoa; 2019an finalerdietara iristea lortu zuen, eta Txapelketa Nagusiko esperientzia ere badu bizkarrean. Anatxentzat, berriz, bigarren Gipuzkoakoa izango da.
Azkenaurreko finalaurrekoa izango da igandekoa, eta lehenengo fasea datorren larunbatean amaituko da, Azpeitiako saioarekin. Bertan abestuko du Asier Azpiroz zubietarrak.
Irabazleak eta 17 puntuatuenak pasako dira final laurdenetara
Guztira 24 bertsolarik egingo dute aurrera final zortzirenetatik; zazpi saioetako irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten 17 bertsolariak, hain zuzen. Hurrengo fasean zain daude jada 2019ko finalistak, tartean Agin Laburu astigartarra, eta 30 bertsolarirekin osatuko da koadroa.
Final laurdenetan ere sistema bera erabiliko da aurrera egiteko: saioetako irabazleak zuzenan pasako dira finalerdietara, eta gainontzeko 13 bertsolariak puntuen arabera sailkatuko dira.
Hiru finalerdien ondoren, emaitza onena duten 8 bertsolariek kantatuko dute Illunbeko finalean.