Plaza Feministan izango da gaur 'Popperra, afterra, utopia' emanaldia

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 00:00

Miren Narbaiza abeslaria eta Danele Sarriugarte idazlea.

Eguraldia tarteko, bertara lekualdatu dute Jabetze Eskolen ikasturte hasierako saioa, 22:00etan.

Dataz eta lekuz aldatuta, baina prest dago Jabetze Eskolen ikasturte hasierako saioa: 'Popperra, afterra, utopia' emanaldia eskainiko dute gaur, gaueko 22:00etan, Danele Sarriugarte idazleak eta Miren Narbaiza musikari eta abeslariak. Kulturarteko Plaza Feministan izango da azkenean. Leokako labaderoan behar zuen, baina eguraldiaren iragarpenagatik lekualdatu dute.

Hitza eta soinua uztartzen ditu 'Popperra, afterra, utopia' emanaldiak. Testu bat irakurriko du Danele Sarriugartek, eta bitartean zein etenaldietan, soinu giroak eta kantuak joko ditu Miren Narbaizak.

'Etorkizuna' izan zen testua idazteko abiapuntua Sarriugarterentzat, Loraldia jaialdiak eskatu baitzion 2023an, testu bat idatzi zezala etorkizunaz, etorkizunetik, etorkizunerantz. Edonola ere, beste hainbat gai ere jorratzen ditu bertan: dolua, dantza, popperra, afterra, irudimena, lagunak... Idazleak azaldu duenez, lana osatzeko garaian erreferente izan ditu Bollurria egitasmoa, Baiucaren 'Mangueiro' abestia, eta hiru liburu: José Esteban Muñozen 'Utopía queer', Sonia Fernández Panen 'Edit', eta Leo Feliperen 'Historia universal del after'.

Narbaizak jarri dion giroak eta soinuak, berriz, regetoia, musika elektronikoa eta boleroa izan ditu inspirazio iturri.

Urrian hasiko dira aurtengo Jabetze Eskoletako ikastaro gehienak, eta datorren astean ber­tan ekingo diote horietatik bos­tek: Batukada feminista, adi­nekoentzako dantza ikastaroa, boxeo ikastaroa, adimen emozional feminista, eta kartel feministen ikastaroa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!