Santa Barbarako lakutik aterako dituzte dortoka inbaditzaileak, eta Urnietako Basabizi errekuperazio zentrora eramango dituzte, Hernaniko Udalak aditzera eman duenez. «Lakuaren osasunaren mesedetan» jarri dute martxan ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin. Izan ere, «Floridako galapagoen espezieko animalia ugari» azaldu dira bertan, azkeneko hilabeteotan.
«Herritarrek etxeko aleak askatzearen ondorioz, arazo ekologikoak eragiten ditu hezeguneetan dortoka exotikoak egoteak, eta ondorioz, kontrol neurriak hartu behar dira», azaldu du Udalak: «Izan ere, Floridako galapagoa espezie inbaditzailea da gure eremuan, eta bertako ekosistema kaltetzen du». Espezie horren ale asko daude Santa Barbarako lakuan, Udalak nabarmendu duenez.
«Oso erasokorrak dira, eta bertako dortokak kanporatzen dituzte»
Zentzu horretan, aditzera eman du «ohikoa» bilakatu dela, azkeneko urteotan, dortoka exotikoak etxeko animalia gisa edukitzea, eta horien artean ohikoenetakoa dela Floridako galapagoa, baina luzera arazoak dakartzala: «Dortokaren bizitza luzeak eta animalia haunditzeak dakar, maiz, jabea haren kargu gehiago egin nahi ez izatea. Baina harrapari haundi hauek kaltegarriak dira Euskal Herriko ur ekosistementzat. Habitat berrietara egokitzeko gaitasun haundia daukate, eta oso erasokorrak dira. Horregatik, bertako dortokak kanporatzen dituzte. Gainera, dieta bariatua daukate, eta desorekak sortzen dituzte ekosisteman. Anfibioak jaten dituzte, batez ere».
Dortokak harrapatzeko lanak, gaurtik
Gaur bertan ekingo diete dortoka inbaditzaileak harrapatzeko lanei, Santa Barbarako lakuan. Horretarako, hainbat tranpa jarriko dituzte lakuaren ertzean, bereziki espezie horiek harrapatzeko diseinatutakoak. Hori horrela, herritarrei gomendatu diete eremu hori saihestea: «Tranpak ez dira ikutu behar, eta haietara ez gerturatzea gomendatzen dugu, lakura erortzeko arriskuagatik». Era berean, nabarmendu dute «lagungarria» izango dela gizakiaren presentzia ahalik eta gehien murriztea, dortokak harrapatu ahal izateko, beldurtu egiten direlako.
Tranpak hilabete batez egongo dira bertan, eta astero egingo dituzte ikuskapen teknikoak. Bitarte horretan, edozein gertakari edo arazo izanez gero, Udaltzaingoarekin (943 24 89 00) harremanetan jartzea eskatu dute.
Era berean, etxean dortoka horietakoren bat duenak, haren kargu egiteari utzi nahi badio, Aldundiko basozainekin jarri behar du harremanetan, 943 00 04 20 telefonora deituta.