Karboneran sartu izanaz akusatuta, aurreko asteetan epaitu dituzte 2006an udaltzainek bertan identifikatu zituzten lau lagun. Fiskalak eta akusazio partikularrak isunak eskatu zituzten eta defentsak berriz, absoluzioa. Asteleheneko sententziaren bidez epaileak absolbitu egin ditu lau akusatuak. Orain akusazioak 10 eguneko epea du helegitea aurkezteko.
Delitua ez da frogatu
Auzipetutako kide batek Kronikari adierazitakoaren arabera, salaketa etxearen jabea den enpresak jarri zuen. Epaileak ordea, adierazi du ez dagoela nahikoa frogarik.
Batetik, epaileak ezin du kondenatu, sententzian dioen bezala, «salatzaileak ez duelako kalterik frogatu eta ez duelako agiri bakar bat ere aurkeztu etxea eraberritzeko lan proiektuen hasiera baieztatzeko». Epaileak adierazi zuenez, «jabeak etxea berreskuratzeko adierazi zuen premia eta proiektu ezak ez datoz bat».
Horren haritik, salaketaren arrazoia ez zen izan okupazioak eragindako kalteak ordaintzea, baizik eta etxea erortzeko arriskuan egotea, ondorioz, ez da kalteen frogarik aurkeztu, beraz, ezin dira frogatu.
Epaitutako kideak prentsa oharrean adierazi zuenez, akusazioak ezin izan du frogatu usurpazio delitua izan denik, «usurpazio delituak babesten duen ondasun juridikoa ez da jabetza eskubideen gauzatzea, jabearen edukitze eskubidearena baizik. Berari dagokio jabetzaren edukitze eraginkor eta baliagarria gauzatzea. Eta gauzatzen ez badu, ez dago ondasun juridikorik babesteko. Ezta kalte egiteko ere. Okupazioak ezin dio kalterik ekarri etxeari, ez eta oztoporik jabeari bere eskubidea gauzatzeko».
Karbonerako kideak pozik daudela adierazi dute eta afari eder baten bueltan ospatu zuten sentzentzia.