Herenegun izan zen ikasturteko lehen plenoa, eta protagonismoa hartu zuen deialdiko gai zerrendako hirugarren puntuak, zeinak ordenantza fiskala aldatzeko proposamenaz hitzegiten zuen.
Ordenantza fiskalaren aldaketa onartu zuen Udalak, adostasunik gabe. %2,9ko igoera izango dute udal zergek aurtengo ikasturtean, KPIan aurreikusitako igoeraren arabera. Baina, salbuespen batekin, hondakinen inguruko tasaren igoera haundiagoa izango baita; zehazki %30ekoa. Espainiako Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legeak dioenez, zerbitzu batek ez die defizitik sortu behar administrazio publikoei. Beraz, zerbitzu horretan duen defizita tasen bidez bildu behar du datorren urtean Hernaniko Udalak. Bestalde, defizita desagerrarazteko planean, datozen bi urteetan ere, antzeko igoerak aurreikusten dituzte, eta horrela, 2027an beteko luke Udalak legeak agintzen duen zero defiziteko helburua. Adostasunik gabe onartu zen puntu hau, EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoarekin, baina PSE-EEko kontrako botoarekin eta EAJren abstentzioarekin.
Gainontzean, aho batez onartu zen Urumea ikastolarekin zuzeneko dirulaguntza hitzarmena. Bestalde, Hernaniko Udaleko etxez-etxe laguntza zerbitzuko kontratua urtebetez luzatzea ere onartu zen, PSE-EEren, EH Bilduren eta PNVren aldeko botoekin; Podemosek kontra bozkatu zuen.