Badator Hernaniko Liburu eta Disko Azokaren laugarren edizioa. Larunbatean ospatuko da, Atsegindegi plazan, eta euskarazko lanak izango dira protagonista. Euskal Herriko liburugintzaren eta musikagintzaren ekoizpena ezagutzera emateko helburuarekin antolatu du Dobera Euskara Elkarteak ekimen hau. Aurreko urtean, diskoen azoka batu zen liburuenera: «Iaz, Liburu Azoka izatetik, Liburu eta Disko Azoka izatera pasa ginen, diskoei ere tartea eskainiz», azaldu du Doberak. Gainera, urtez urte geroz eta partaide gehiago elkartzen direla nabarmendu dute elkarteko kideek: «IV. HAzokan 22 postu izango dira ikusgai, inoiz baino gehiago!, urtetik urtera postuak ere gora doaz: 12,13,17... eta aurten 22!».
Egun osoan zehar, postuak bisitatzeko aukera, haur-txokoan edota tailerren txokoan jolasteko tartea edota aurkezpenak entzuteko aukera egongo da. Goizeko 11:00etan irekiko dira azokako ateak, eta 14:30etan itxiko dira, bazkaltzeko. Arratsaldean, berriz irekiko da 17:00etan eta 19:30ak arte egongo dira postuak zabalik.
Aste osoan zehar izango dira hitzaren inguruko jaialdiaren bueltan antolatutako ekimenak, eta azokarekin itxiko da Hernaniko Udal Liburutegiak antolatzen duen Hitz Andana jaialdia.
Gune berri bat estreinatuko da
Berrikuntza nagusi batekin dator aurtengo edizioa. Haur-txokoa eta eszenatokiaz gain, gune berri bat ere estreinatuko dute: Tailerren Txokoa. Bertan, Ixabel Agirresarobek haur eta helduentzako ipuin kontaketa tailerra emango du. Tailer teorikoa eta praktikoa izango da, ipuinak nola kontatu ikasteko.
Postuez gain, euskal musika eta literaturarekin zerikusia duten saioak ere izango dira: magia ikuskizuna, ipuin kontaketa, bertso saio literarioa, kontzertuak edota bakarrizketak. Eta hainbat postutan, egileak egongo dira liburuak eta diskoak sinatzen.