Hernani Natura Herria proiektu pilotua aurkeztu du Hernaniko Udalak, herriko bost ikastetxerekin elkarlanean. Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak babestu eta sustatutako egitasmoa da, eta ikasturte honetan jarriko da martxan. Udaletxeko areto nagusian bildu ziren atzo herriko alkatea, udaletxeko arduradunak, eta herriko ikasle eta irakasleak.
Helburua, Hernaniko natura eremuak zabaltzea dela azaldu du Xabier Lertxundi alkateak: «Hernaniarron bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko neurriak hartu nahi ditu Udalak klima aldaketaren aurrean eta horretarako, Hernaniko natura eremuak zabaldu nahi ditugu». Egiteko honetan, herriko ikasleei «haien laguntza» eskatu die Ainara Atorrasagastik, ingurumen zinegotziak.
Proiektua Hernaniko zenbait ikastetxerekin elkarlanean egingo da: Aratz ikastola, Elizatxo ikastola, Langile ikastola, Txirrita eskola eta Urumea ikastola. Elkarrekin ikastetxeen inguruan dauden naturguneen sarea osatzea izango da asmoa. Olatz Zabaleta, Berritzegune Nagusiko Ingurumen eta Jasangarritasun arduradunak gaineratu du, proiektua arrakastatsua izateko ezinbestekoak izango direla ikasleak eta ikastetxeak.
Naturguneen identifikazioa
Proiektu honetan parte hartuko dute LH3 eta LH4. mailako Hernaniko ikasleek, eta euren egitekoa ikastetxearen inguruan dituzten naturguneak identifikatu eta horien artean 3 aukeratzea izango da; izan zelaiak, basoak, parkeak edota errekak, Hernani natura Herriaren sarean txertatzeko. Orain hasi eta martxora bitarteko lana izango da, ikasleek ikastorduetan landuko dutena, eta proiektuaren koordinatzailea den Iñaki Sanz-Azkueren laguntza izango dute horretarako. «Ikastetxeen aldetik oso harrera ona izan du proiektu komunitarioak eta oso giro ona dago. Lantalde ederra dugu eta asko ari gara ikasten», azpimarratu du koordinatzaileak.
Atzo egin zuten lehenengo saioa, udaletxean bertan
Proiektuaren lehen saioa egin zuten atzo, aurkezpenaren ostean, udaletxeko aretoan bertan. Lantaldetan banatu eta era ludikoan, naturguneak identifikatzeko lehen ahaleginak egin zituzten.