Duela 20 urte Kronikan

Zaharren Egoitza haunditzeko proiektuko baseak prestatzen ari da Ongintza Patronatua

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 25a, 08:40

Zaharren Egoitza atzean eta botatzekoak dituzten Lizeaga auzoko etxeak aurrean.

2004ko irailaren 25eko Kronikan argitaratutako albistea
Irakurri hemen egun horretako Kronika osoa

Lizeagako etxeak bota: Lizeagako etxeetara luzatuko dute Zaharren egoitza, Gay Mur ondoko etxeak botata

Normatiba bete: Zaharren Egoitzak ez du normatiba betetzen eta horretarako dira obrak, ez jende gehiago hartzeko.

2006an hasi: 2005eko urrian etxeak bota eta obrak 2006an hasi litezkeela dio Andoni Amonarraiz Patronatuko Lehendakariak.

Maria Madalena Hernaniko Zaharren Egoitza haunditzeko proiekturako baseak ari da prestatzen Ongintza Patronatua, proiektua idazteko deialdi publikoa deitzeko. Zaharren egoitza haunditu behar da gaur egungo normatiba betetzeko, orain ez baitu betetzen Diputazioak jarritako normatiba hori. Kontua da lagun bat edo birentzako logelak behar dutela Zaharren Egoitzetan, eta Hernanikoan hiru lagunentzako logelak ere badaude, eta dexente. Egoitza haundituta ez da jende gehiagorentzako tokirik izango, orain bezalaxe 111 lagun kabituko dira, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako normatibaren barruan.

Orain urte batzuk egindako proiektu basikoak dio obrak 500 miloi pzta kostako direla. Oraingo proiektuak kopuru hori egokitu beharko du


Hiru solairu berdinak

1, 2 eta 3 solairutan joango da Zaharren egoitza eta denetan jende kopuru bera sartuko dute, 37 lagun, Andoni Amonarraiz Ongintza Patronatuko buruak Kronikari esan dionez. 0, -1 eta -2 solairuetan zer jarriko duten oraindik erabat erabaki gabe dago, baina, litekeena da pisu eta apartamentu tutelatuak jartzea, besteak beste. Orain ari da guzti hori zehazten Ongintza Patronatua, eta Diputazioaren aportazioa ere badu, proiektua egiteko diru kopurutik % 80a berak jarriko baitu. Proiektua egiteko 133.000 euroko aurrekontua dago. Orain urte batzuk egindako proiektu basikoak dio, anpliazioa 500 miloi pzta kostako dela, baina, kopuru hori orain egingo den proiektuak gaur egunera egokitu eta zehaztu beharko du.

Gay Mur ondoko Udaleko etxeetan bizi den jendea nora bideratu jakiteko aukerak aztertzen ari dira


Etxeak bota

Zaharren Egoitza haunditzeko Gay Mur ondoko etxeak bota egingo dituzte, eta Amonarraizek Hernaniko Kronikari esan dionez 2005eko urri inguruan hasi litezke horretan. Gauzak ondo joan ezkero 2006ko urtarrila inguruan hasi litezke Zaharren Egoitza haunditzen, Ongintza Patronatuko Lehendakariaren hitzetan. Gaur egunean Gay Mur ondoko etxeetan bizi den jendea nora bideratuko duten galdetuta, Amonarraizek dio, hortik ateratako jendeari espazio bat emango zaiola, eta Etxebiderekin hitz egiten ari direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!