Hitzak begietatik baino, beste modu batzuetara helarazteko helburuarekin dator gaur, Hitz Andana

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 25a, 00:00

Haatik konpainiak emanaldia eskainiko du Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaranekin.

Gaur hasi eta larunbatera bitarte, hitza abiapuntu hartuta, emanaldiak, podcast-a, eta liburu eta disko azoka izango dira.

 

Hitz Andanaren zazpigarren edizioa ospatuko da gaur, Hernaniko Udal Liburutegiak eta Dobera Euskara Elkarteak elkarlanean. Hitzaren inguruan osatutako egitaraua antolatu dute, hitzak begietatik baino, beste modu batzuetara herritarrengana helarazteko helburuarekin. 

Jaialdia gaur arratsaldeko 19:00etan hasiko da, 'Hiru podcast' proiektuaren aurkezpenarekin, Biterin. Miren Gojenolak zuzendu duen proiektua izan da, eta Uxue Apaolaza, Iñigo Legorburu eta Ainara Ortega idazleek Hernaniko kale bat abiapuntu hartuta, istorio bana idatzi dute, eta baita grabatu ere. Gaur, hiru idazleak izango dira euren ipuinak kontatzen, herriko bi musikarik lagunduta. 

Dantza eta musika emanaldia ere eskainiko du Hitz Anadanak, bihar, 19:00etan 'Arineketan: zaharrak berri' emanaldia izango da, Biterin. Emanaldian parte hartuko dute Iñar Sastre, Jagoba Astiazan eta Haatik dantza konpainiak, Aiert Beobidek zuzenduta. Ostiralean, Maite Larburu hernaniarra igoko da oholtzara, Harkaitz Cano eta Beñat Barandiaranekin batera, eta larunbatean Doberaren liburu eta disko azoka egingo da, Atsegindegin. 

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!