Kirol eta Jarduera Fisikoaren Astea antolatu du Udalak lehenengo aldiz

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 25a, 00:00

Udaleko eta herriko eragileetako ordezkariak, atzoko aurkezpen ekitaldian.

Irailaren 30etik urriaren 5era bitarte ospatuko da, jarduera fisikoa eta zaintza ardatz hartuta.

 

Kirol eta Jarduera Fisikoaren As­tea antolatu du Hernaniko Udalak lehenengo aldiz, irailaren 30etik urriaren 5era bitarte. 30 ekimen izango dira guztira, Udalak eta herriko eragileek elkarlanean antolatutako ekimen honetan, eta jarduera fisikoa eta zaintza izango dituzte ardatz. «Oso pozik gaude beste herrietan egiten den ekimen hau Hernanira ekartzeagatik», adierazi du Axier Mingok, Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak.

Mingok azaldu du, udal sailaren jarduna orain arte oso bideratuta egon dela kiroldegiaren eta kluben jardunera, baina herrian jarduera fisikoarekin lotutako ekimen eta eremu ugari daudela azpimarratu du. Horregatik, klubez eta kirol antolatuaz harago zabaldu nahi izan dute egitaraua, eta aste horren bitartez, ikusgarritasuna eman nahi izan diote herrian egiten den beste jarduera multzo bati: «Badira hainbat elkarte, norbanako eta eragile jarduera fisikoa eta kirola sustatzen dutenak herri honetan, eta beraiei ere tokia egiteko asmoarekin antolatu dugu hau. 

Ekitaldi sorta antolatu dute datorren aste osorako, herriko klubekin, eragileekin eta norbanakoekin elkarlanean. Horretarako, hitzaldiak, kirol-jarduerak probatzeko saioak, ikastaroak, mahai-inguruak edota tailerrak izango dira datozen egunetan. Arratsaldeetan ikusgarritasuna eman nahi izan diete herriko klubei eta kirol antolatuek dituzten egitasmo ezberdinei, haiek ezagutu eta probatzeko gonbidapena luzatuz. 

Goizetan, klase orduetan ez dauden herritarrengan jarri du­te arreta, eta aukera oso aberatsak daudela gogorarazi dute; besteak beste, hartubola, zumba edota Ttapa-Ttapa bezalako egitasmoak. Horietarako ere gonbitea luzatu nahi izan dute. 

Arratsaldeko hitzaldiak ere nabarmendu dituzte: «Hitzaldietan jarduera fisikoa eta zaintza uztartu nahi izan ditugu, eta hiru saio oso garrantzitsu izango dira». Batetik, norberaren zaintza landuko da; eta bestetik, gaixotasunen aurrean jarduera fisikoak izan dezakeen garrantzia aztertuko da. Azkenik, elitean dauden herritar gazteen berri ere emango da, zer den errendimendu kirola eta zein zaintza behar den landuz. Gainera, tailerrak ere izango dira aste horretan zehar, bereziki Goiz Eguzkiko taldearekin elkarlanean.  

 

Asteko plana, «partehartzailea eta adin-tarte guztientzat»

Antolatu diren ekimenak «partehartzaileak eta adin-tarte guztietako herritarrei irekiak» izango direla azaldu dute. Horrela, herriko espazio ezberdinak «jarduera fisikoaren eta kirolaren erdigune bilakatuko dira». Ez da beharrezkoa izango izena ematea, jardueretan parte hartzeko. «Ilusio haundiarekin antolatu dugu aste hau, eta herritar oro gonbidatu nahi dugu, gurekin batera aste hau ospatzera».

EGITARAUA

IRAILAK 30, ASTELEHENA

11:30, Jarduera Fisikoaren Orientazio zerbitzuaren aurkezpena, Sandiusterrin.

17:00-18:00, Eskubaloia probatzeko saioa, Atsegindegin.

17:00-18:00, Saskibaloia probatzeko saioa, Latsunben.

18:30, Hitzaldia: 'Norberaren zaintza', Maddalen Landabereakin, Sandiusterrin.

URRIAK 1, ASTEARTEA

10:30-12:00, Hartubola probatzeko saioa, kiroldegian.

11:00, Hitzaldi praktikoa: 'Ipar martxa', Xabier Madina. Biterin.

17:00-18:00, Boleibola probatzeko saioa, Atsegindegin.

17:00-18:00, Bizikleta ginkana, Gabriel Zelaiako pistan.

17:00-18:00, Pala saio parte­har­tzailea, Tilosetako frontoian.

18:30, Hitzaldia: 'Osasuna, gaixotasuna eta jarduera fisikoa', Maren Martinez de Rituertorekin, Sandiusterrin.

URRIAK 2, ASTEAZKENA

11:00, Ttapa-Ttapa irteera,
Atsegindegitik.

12:30, Ikastaroa: erorikoak. Atsegindegin.

17:00, Bizkar eskola, Andoni Urkiolarekin, kiroldegian.

17:00-18:00, Atletismo partehartzailea, Plaza Berrin.

17:00-18:00, Helduentzako ikastaroa: 'Nola zaindu bizkarra eta artikulazioak igeriketaren bidez', kiroldegian.

17:00-19:00, Judoa probatzeko saioa, Atsegindegin.

18:00-19:30, Errugbia probatzeko saioa, Tilosetan.

19:00-20:00, Emakumeentzako tailerra: defentsa pertsonala. Atsegindegin.

URRIAK 3, OSTEGUNA

09:30-11:00, Ipar martxa,
Atsegindegitik abiatuta.

10:00-12:00, Hartubola probatzeko saioa, kiroldegian.

17:00-18:00, Futbola probatzeko saioa, Latsunben.

18:30, Mahai-ingurua: 'Errendimenduko kirolaren B aldea', Iker Imaz, Amaia Irazustabarrena, Malen Martinez, Beñat Odriozola eta Olatz Santanarekin. Aurkezlea: Pettan Uralde. Sandiusterrin.

URRIAK 4, OSTIRALA

11:00-12:00, Zunba, Atsegindegin.

Jarraian, Ibilaldia, Plazatik. 

17:00-18:00, Pelota partehartzailea, Tilosetan.

17:30-18:30, 'Skate'a probatzeko saioa, skate parkean.

URRIAK 5, LARUNBATA

Egun osoan zehar, Kiroldegiko ikastaroetan ate irekiak.

11:00 Waterpoloko hastapena, kiroldegian.

10:00-12:00 Arrauna ezagutzeko saioa, Ibarluze poligonoan.

 

 
 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!