Martxan da Mendizale Asterako Argazki lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 24a, 00:00

Parte hartzeko, urriaren 4a baino lehen bidali behar dira argazkiak, eta Mendizale Astean banatuko dira sariak.

Martxan da aurtengo Mendizale Asterako argazki lehiaketa, eta urriaren 4a baina lehen bidali behar dira argazkiak. Aurten, XLV. Argazki lehiaketa ospatuko da Mendiriz Mendiren eskutik, eta Mendizale Astean egingo da lehiaketako sari banaketa.

 

Lehiaketarako baldintzak

Lehiaketa honetan, elkarteko bazkideez gain, Hernanin bizi diren argazkilari ez profesional guztiek har dezakete parte. Gehienez 6 argazki, eta gutxienez 3 aurkeztu beharko dituzte partaide bakoitzak, eta argazki guztietatik bat, gutxienez, Hernaniko argazki bat izan beharko da, nahitaez. Gai librea esleitu da, eta behin argazkiak aukeratuta Mendiriz Mendiko lokalera eraman beharko dira. Lokala irekita egongo da astelehena, osteguna eta ostirala, gaueko 20:00etatik 21:00etara.  

Bestalde, argazkiak nola entregatu behar diren ere zehaztu dute antolatzaileek: Partaideen izen abizenak, telefonoa eta aurkezten diren argazki kopurua adierazi behar da. CD edo USB formatuan eraman behar dira, eta argi adierazita zein den Hernaniko argazkia. Gainera, argazkiak kalitate haundiko TIFF edo JPG formatuan gordeta egon behar dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!