Buruntzaldeako Ikasle Abertzaleak-ek irakurketa liburu bilketa egingo du Hernaniko Institutuan. Bilketa egunak irailaren 26a eta 27a, eta urriaren 3a izango dira, gazteen jolasgarai orduetan. Irailaren 26an eta urriaren 3an ere, Ikasle Asanbladak egiteko aprobetxatuko dute, bilketaren ostean.
Ikasturte berria hasteak zein nolako gastu ekonomikoa duen seinalatu nahi izan dute: «Ikasturte hasierek, beraiekin dakartzate gastu ekonomiko haundiak, eta familiek urtero-urtero egin behar diete aurre gastu hauei, izan liburuak, ordenagailua edota garraioa». Irakurketa liburuak ere gastu ekonomiko honen beste adibide bat direla nabarmendu dute, eta horregatik abiarazi dute liburuen bilketa. Horrelako dinamiken garrantzia ere gaineratu dute: «Funtsezkoa da langileriaren bizi-baldintzen aldeko dinamikak martxan jartzea».
Besteak beste, honako irakurketa liburuak jasoko dira bilketan: 'Luaren itzala' (DBH3), 'Las ventajas de ser un marginado' (DBH3), 'Palabras envenenadas' (DBH4), 'Galdu arte' (DBH4), 'Rabbit proof fence' (DBH4), 'Miñan' (batxilergoa), 'Farenheit' (batxilergoa), 'Frankestein' (batxilergoa) eta 'Cronicas de una muerte anunciada' (batxilergoa).