Aurreko astean egin zuten Hernani Burujabeko Elikadura Sektoreko batzarra, eta bertatik eratorritako ondorioak argitaratu dituzte ohar batean. Henaseko, Herrilurreko, Transformazio guneko eta Hernaniko Udaleko ordezkariek parte hartu zuten bileran, eta ikasturte berrirako egitasmoei buruz hitz egin zuten.
Hernani Burujabetik behin baino gehiagotan adierazi dute auzoetara hurbildu nahia, eta Elikadura Sektoretik ere bide hori jarraitu nahi dute: «Auzoetan tokiko produktuak jasotzeko puntuak martxan jarriko dira».
Sektoreko eragile bakoitzak funtzio konkretua betetzen du elikadura katean, eta helburu zehatzak ere finkatu zituzten batzarrean: HENASE elkarteak esparru gehiagotara iritsi nahi du, Transformazio Guneak Sukalde Zentraleko ekipoa indartu eta proiektua garatzeko beharra identifikatu dute, eta Herrilurrek jende gehiagora zabaltzea jarri du helburutzat.
Udalak ere gauzatzear dituen proiektuei buruzko azalpenak emateko aprobetxatu zuen batzarra: «Karabeleko gerriko agroekologikoaren plana idazten ari dira, eta, horretarako, ingurumen azterketa egin behar dute aurretik». Lan horiei 30.000 euroko aurrekontua esleitu die, eta guztira Elikadura Sektorera 135.000 euro bideratzea da aurreikuspena.