Urrizaren aurka 30-22 irabazita, larunbateko final haundia jokatzeko txartela lortu du Ansa II.ak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 23a, 00:00

Imanol Ansa larunbateko partiduan. Argazkia: Maialen Andres.

Egungo txapeldunak irabaztea lortu zuen finalerdietako partidu gogorrean, eta Barrenetxea IV hernaniarraren aurka jokatuko du finala. 

Larunbatean jokatu zuten Galarretan Buruz Buruko txapelketako finalaurreko partidua. Urriza eta Ansa II.a aritu ziren aurrez aurre, eta urnietarrak 30-22 irabaztea lortu zuen norgehiagoka lehiatuan. Gauzak horrela, egungo garaileak txapelaren defentsan jarraitzeko aukera izango du.

Bi zatitan banatu zen larunbateko partidua. Lehenengoan berdintasuna izan zen protagonista; batak besteari neurria hartu nahi zion, eta kosta egin zitzaien aldeak haunditzea. Guztira hamahiru berdinketa ikusi ahal izan ziren markagailuan; azkenekoa 15nakoa.

Hortik aurrera Ansaren nagusitasun fisikoa agerian geratu zen Galarretan, eta hori zuloa irekitzeko baliatu zuen urnietarrak. 26-22 jarri zen aurretik, eta azken lau tantoak errenkada batean egin zituen.

Hasiera batean faboritoa ez izan arren, txapelketaren une erabakigarrira sasoi betean iritsi dela erakutsi zuen Ansak.

Larunbat honetan jokatuko da final haundia, eta Barrenetxea IV hernaniarraren aurka neurtuko ditu indarrak bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!