Gaur Errebeldeak Fest: Kirol Rock jaialdi inklusiboa

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 21a, 00:30

Laugarren edizioa ospatuko du aurten Hernaniko Ibon Casas rockeroak zuzendutako jaialdiak. Goizeko Aurorekin hasi eta Rock musikarekin amaituko da eguna, tartean egokitutako kirol modalitate ezberdinak eginez. 

 

Bueltan da Errebeldeak Fest eguna, Hernanin bizi den Ibon Casas rockeroak zuzendutako jaialdia. Gaur ospatuko da «rockero itsu batek zuzendutako kirol eta musika jaialdi inklusibo bakarra». Egokitutako kirol modalitate ezberdinak egingo dira egun osoan zehar Hernaniko kiroldegian eta Atsegindegi plazan, eta eguneko programaren ondoren, Rock musikaz girotuko da jaialdia. 

Iazko edizioak arrakasta izan ostean, laugarren edizioa beteko du aurten Errebelde Fest-ak. Egun honetan kirol jarduera egokitu eta integratzaileak dira protagonista, kirolaren eta rockaren bidez jendea dibertitzeko.  Beraz, «herritar guztiak gonbidatuta daude kirol eta musika jaialdi inklusibo bakarrean parte hartzera», dio zuzendariak.

Irabazi asmorik gabeko Dame TVision Kultur Elkarteak antolatzen du. Casas, elkarteko buruak, jaialdiaren helburuak azaldu ditu: «Helburua zera da, herritarrei erakustea desgaitasuna duten pertsonak gizartean sartzea posible dela, esparru guztietan». Euskadin eta Europan egiten den mota honetako jaialdi «bakarra» dela ere nabarmendu du. Aurtengoak ere irudi politak utziko dituelakoan, «herritar guztiak gonbidatzen dira, ezinduei arreta berezia eskainiz, herriko kaleak elkarrekin hartzera, guztiontzako egokitutako kirol eta musika jarduerak batzen dituen jai-egun batera».

Musika entzuteko eta dantzatzeko aukera ere izango da egun osoan zehar. Goizean goizetik Aurorak kalera aterako dira Tilosetatik Atsegindegirako bidea egiteko. Txaranga ere izango da, eta bi saio egingo dituzte, bat goizeko 10:00etan jaialdiari hasiera bizia emateko, eta bigarrena, arratsaldeko 16:30etan kale buelta egiteko. 

 

Kirol modalitateak

Kiroldegian eta Atsegindegin burutuko dira kirol jarduerak, goizean goizetik hasi eta arratsaldeko 19:30ak arte. Adin guztietako herritarrek parte har dezaten, jardunaldi irekiak izango dira, eta aipagarrienen artean daude: gurpil aulkiko esgrima-jardunaldia; goalball partidak, itsuentzako berariazko jokoa, bi ate aurrez aurre eta soinu-baloi haundi bat dituena; boccia, mugitzeko zailtasun haundiak dituzten pertsonentzat diseinatutako kirola, petankatik abiatzen dena; edo arraun ergometro inklusiboa, denek arraunean nola egin daitekeen sentitzeko. Jarduera guzti hauek aurrera eramateko «ezinbestekoa» izan da boluntario ezberdinen laguntza. Besteak beste, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Fortuna Kluba, ONCEko Itsuentzako Kirola Kluba, Ostadar Saiarre Kirol Taldea edota Hernaniko Arraun Elkarteko kideak.

Jarraian, ikuskizunen txanda izango da, besteak beste, Ozenki Abesbatza 20:00etan, Hernaniko Zapotxin pailazoaren emanaldia 20:45etan, jaialdiari umorezko puntua jartzeaz arduratuko dena, eta Ibon Casas eta Unai Iglesiasen ikuskizuna 21:30etan. Emanaldi guztiak Atsegindegin egingo dira; eta hortik aurrera eta gauerdira arte, rock musikak luzatuko du gaua.

 

EGITARAUA

ERREBELDEAK FEST

HERNANI

09:00-11:00 Aurorak, Tilosetatik Atsegindegira.

10:00-12:00 Txaranga, Hernaniko kaleetan zehar Atsegindegiraino.

10:00-11:30 Soinu proba Atsegindegin.

11:30-12:45 Egokitutako esgrima jardunaldia, Atsegindegin.

12:00-13:15 Egokitutako goalball jardunaldia, kiroldegian.

12:00-14:00 RocKalean Tilosetatik Atsegindegira.

16:30-18:30 Txaranga Hernaniko kaleetatik 
kiroldegira.

17:00-18:15 Egokitutako boccia jardunaldia, kiroldegian.

18:15-19:30 Egokitutako arrauneko ergomtero jardunaldia, Atsegindegin.

20:00-20:45 Ozenki Abesbatzaren emanaldia, Atsegindegin.

20:45-21:30 Zapotxin pailazoaren emanaldia, Atasegindegin.

21:30-22:30 Ibon Casas eta Unai Iglesiasen emanaldia, Atsegindegin.

22:30-00:00 Musika, Atsegindegin.

 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!