Karabelgo jaiei gaur emango zaie hasiera

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 20a, 00:00

Hiru eguneko egitaraua prestatu du Belkara Auzo Elkarteak, adin guztietako pertsonek gozatzeko modukoa.

 

Hernaniko auzoetako festen kateak jarraipena izango du asteburu honetan. Karabel auzoan gaur botako dute jaien hasierako suziria, eta Belkiren jaitsierarekin batera hasiko dituzte hiru eguneko festak. Ez da aspertzeko ordurik izango, batez ere bihar, larunbatean.

Gaur guztiek gozatzeko modukoa izango da arratsaldea. 17:30etan haurrentzako jolasekin hasiko dira; ondoren, 19:00etan, danborradak zeharkatuko ditu auzoko bazter guztiak; eta gauean bi kontzertu izango dituzte Oleta plazan: Andoni Ollokiegirena, 21:00etan, lehenengoa eta Kode taldearena bigarrena, 23:30etan. 

Bihar, egun potoloa

Bihar goizean goizetik hasiko dira jarduerak Karabelen, diana eta kalejirarekin. Gaztetxoek hartuko dute ondoren festagunea, 0-5 urtekoentzako pedalik gabeko ibilgailuen zirkuituan, aurpegi margoketan eta puzgarrietan. 

Gastronomiarekin lotutako jarduerek ere izango dute tartea larunbatean. Eguerdian patata tortilla eta bizkotxo lehiaketa egingo dute, eta eguerdian paella jate herrikoiarekin hartuko dituzte indarrak arratsalderako. 

Eguna bukatzeko, Los Hernandez taldearen kontzertua eta DJ Gorkaren emanaldia izango dira.

Etzi, igande eguerdian, amaituko dira festak. Bidasoako erraldoien bisita jasoko dute 11:00etan, eta sagardo dastaketarekin emango diote jarraipena festari, toka txapelketarekin batera. 13:30etan, sarien zozketa egin ondoren, balkoi politenaren sari banaketa eginda amaituko dituzte festak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!