Hitz Andana, inoiz baino hernaniarragoa

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 20a, 00:00

Liburu eta Disko Azokak hitzaldiak ere antolatzen ditu.

Irailaren 25etik 28ra hitza abiapuntu hartuta emanaldiak eta, liburu eta disko azoka izango dira.

 

Hitz Andanaren zazpigarren edizioa antolatu dute Hernaniko Udal Liburutegiak eta Dobera Euskara Elkarteak elkarlanean. Hitzaren inguruan osatutako egitarau polita antolatu dute, hitzak begietatik baino, beste modu batzuetara herritarrengana helarazteko helburuarekin.

Hernanik eta hernaniarrek protagonismo berezia izango dute aurtengo Hitz Andanan. Izan ere, Hitz Andana jaialdia Hiru podcast proiektuaren aurkezpenarekin hasiko da (irailak 25, 19:00, Biteri Kultur Etxea, doan) eta Maite Larburu musikaria ere oholtzara igoko da irailaren 27an.

 

‘Hiru podcast’, entzuteko ipuinak

Hiru podcast Miren Gojenolak zuzendu duen proiektua izan da, Hernaniko sorkuntza bekak lagunduta. Uxue Apaolaza, Iñigo Legorburu eta Ainara Ortega idazleek Hernaniko kale bat abiapuntu hartuta istorio bana idatzi dute eta horiek grabatu dituzte.

Hitz Andanan, hiru idazleak izango dira euren ipuinak kontatuko dituztenak, herriko bi musikarirekin. Horrez gain, urriaren 3a arte istorio horiek entzuteko aukera izango dute herritarrek, Biteri Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Ordua hartu beharko da horretarako.

 

Dantza, musika eta hitza Hitz Andanan

Hilaren 26an (osteguna, 19:00, Biterin), Arineketan: zaharrak berri emanaldia izango da. Dantza, musika eta hitzak nahasten ditu Aiert Beobidek zuzendutako emanaldi honek, Oihana Iguaranen hitzetatik abiatuta. Iñar Sastre, Jagoba Astiazaran eta Haatik dantza konpainiaren emanaldia izango da.

Sarrerak gaur (hilak 20) jarriko dira salgai Biteri Kultur Etxean eta online (kultura.hernani.eus), 8 €an.

Azken emanaldia hilaren 27an (ostirala, 19:00, Biteri Kultur Etxea) izango da. Orduko horretan, Maite Larburu hernaniarra igoko da oholtza gainera, Harkaitz Cano idazlearekin eta Beñat Barandiaran musikariarekin batera: Sonetoak 20 modutara entzuteko aukera izango dute entzuleek, dohainik.

 

Doberaren liburu eta disko azoka, Doinuelen

Irailaren 28an, larunbatean, Liburu eta Disko Azoka izango da Atsegindegin 11:00etatik 19:30etara. Aurten sortu den Doinuele sarearen barruan dago azoka hau, euskara hutsezko liburu eta diskoentzako plaza baita. 

Liburuen eta diskoen 21 postu izango dira eta egitarau ederra prestatu du Dobera Euskara Elkarteak egun osorako: Asier Kidam magoaren saioa (11:00); Ixabel Agirresaroberen ipuin-kontaketa (12:00) eta familientzako tailerra (18:00); bertso saio literarioa (13:15); Aldapeko Basque Latin Jazzen kontzertua (14:00); liburu aurkezpenak (goiz eta arratsaldez) eta Gorka Olazabalen bakarrizketa (18:30).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!