Udaren ondoren berriro martxan jarri dira Kontrakantxa Gaztetxeko kideak. Ikasturte berriari ekiteko Pistoletazo Eguna antolatu dute larunbat honetarako, obstakulu proba eta bazkariarekin.
Goizeko 10:30etan jarri dute lehenengo hitzordua, Tilosetan. Bertan jarriko dute oztopoz betetako pista, eta eguerdiko 13:00ak arte izango da probak egiteko tartea. 13:00etan, ordea, kontuak serio jarriko dira, txapelketa egingo baitute ordura arte ikasitakoa erakusteko. Kontrakantxak zabaldutako mezuan argi utzi dute edonork parte hartu dezakela larunbateko jardueran: «Kirolarik eta ez hain kirolarik, krosfiteruak, gymeruak, kuadrilako pikatia, lagunarteko desafiyua, probatzeko interesa duna, geldik eon ezin duna...».
Festa giroak Kontrakantxan izango du jarraipena. Bazkari baten bueltan elkartuko dira 14:30etan, eta sari banaketa egingo dute bertan; baita pistoletazoa ere, egunaren izenari ohore eginez. Bazkarira joateko txartelak Goizargin edo instagrametik eskuratu daitezke (5 euro ikasle eta langabetuak/8 euro langileak).
Eguna amaitzeko, bi kontzertu antolatu dituzte Gazte Asanbladako kideek: Noa Sarriegi arituko da lehenengo eta El Furu ondoren.
PISTOLETAZO EGUNA HERNANI IRAILAK 21, larunbata 10:30-13:00 Obstakulu proba librea. Tilosetan. 13:00 Obstakulu proba 14:30 Bazkaria eta pistoletazoa. Gaztetxean. Bazkari txartelak: 5 euro ikasle eta langabetuak eta 8 euro langileak. Ondoren kontzertuak: Noa Sarriegi eta El Furu |