Laugarren urtez, kirol inklusiboa eta rocka uztartzen dituen Errebeldeak Fest jaialdia ospatuko da Hernanin. Larunbat honetan egun osoan zehar izango dira jarduerak, goizeko 09:00etatik hasita gauerdira arte.
DameTVision Kultur Elkartea da jaialdiaren antolatzailea, eta askotariko kirolak txertatu dituzte aurtengo egitarauan: gurpildun aulkiko esgrima-jardunaldi bat; goalball partiduak, itsuentzako berariazko joko bat; boccia, mugitzeko zailtasun haundiak dituzten pertsonentzat bereziki diseinatutako kirol bat, petankatik abiatzen dena; edo arraun-ergometro inklusibo bat, denek arraunean nola egin daitekeen senti dezaten.
Musikari dagonionez, eskaintza zabala izango da laugarren edizio honetan. Aurorak eta txaranga izango dira goizean, Rockalean ikuskizuna eguerdian eta rock kontzertuak gauean.
Antolakuntzatik herritar guztiei egin diete parte hartzeko gonbidapena: «Hartu herriko kaleak guztientzat egokitutako kirol eta musika jarduerak batzen dituen jaiegun honetan».
EGITARAUA
ERREBELDEAK FEST
HERNANI
09:00-11:00 Aurorak, Tilosetatik Atsegindegira.
10:00-12:00 Txaranga, Hernaniko kaleetan zehar Atsegindegiraino.
10:00-11:30 Soinu proba Atsegindegin.
11:30-12:45 Egokitutako esgrima jardunaldia, Atsegindegin.
12:00-13:15 Egokitutako goalball jardunaldia, kiroldegian.
12:00-14:00 RocKalean Tilosetatik Atsegindegira.
16:30-18:30 Txaranga Hernaniko kaleetatik kiroldegira.
17:00-18:15 Egokitutako boccia jardunaldia, kiroldegian.
18:15-19:30 Egokitutako arrauneko ergometro jardunaldia, Atsegindegin.
20:00-20:45 Ozenki Abesbatzaren emanaldia, Atsegindegin.
20:45-21:30 Zapotxin pailazoaren emanaldia, Atsegindegin.
21:30-22:30 Ibon Casas eta Unai Iglesiasen emanaldia, Atsegindegin.
22:30-00:00 Musika, Atsegindegin.