Erabiltzen ez diren produktuak trukatzeko webgune bat jarri du martxan Hernaniko Udalak: trukehernani.eus. Bertan, herritarrek erabiltzen ez dituzten gauzak trukatzeko, oparitzeko edo saltzeko aukera izango dute.
Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak eta Tamara Zapiain Hondakinen Prebentzio teknikariak azaldu zituzten webgunearen nondik norakoak, eta nabarmendu zuten erabiltzen ez diren objektu horiek «herritarren artean eman eta erabiltzea» sustatu nahi dutela.
Dagoeneko funtzionamenduan dago trukehernani.eus, eta webgunea diseinatzeko sinpletasuna lehenetsi dute. «Gisa honetako plataformak ezagunak dira, baina guk gertutasunaren alde egin nahi dugu: mezularitza zerbitzurik gabe funtzionatuko duen sarea sortu nahi dugu, aurrez aurre, oinez, herrian geratuta, gauzak trukatzeko», azaldu du Zapiainek.
Erabiltzaileek kontu bat sortu beharko dute webgunean produktuak jartzeko, eta bertatik jarri ahalko dira gainontzeko erabiltzaileekin harremanetan.
Atorrasagastik herritar guztiei egin die probatzera animatzeko gonbidapena: «Jolasak eta jostailuak, puzzleak, altzariak, ortopedia, kiroletako produktuak, haurrentzako gauzak, argiztapena eta dekorazioa, motxilak, eskola materiala... Hori ez bota, berrerabili!».
Webgunean erregistratzeko laguntza, asteartean
Datorren asteko asteartean, hilaren 24an, webgunea nola erabiltzen den azalduko dute Karabelgo Autoerreparazio Tailerrean. 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango dute herritarrek bertatik pasatzeko aukera.