Pasa den igandean banatu zituzten Ordizian XXXIII. Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketako sariak, eta zorioneko goiza izan zen hernaniarrentzat. Iñigo Legorburuk, Ekai Legorburuk eta Julian Albisturrek saria eskuratu zuten aurkeztutako bertso sortekin.
Iñigo Legorburuk helduen mailako lehenengo eta hirugarren sariak lortu zituen. Lehenengo saria 'Irreal apolitik' izeneko sortarekin eskuratu zuen, herritarren eta politika 'haundiaren' arteko harremanari buruzko 12 bertsorekin. Hirugarren saria, berriz, 'Hamarren bularra' sortarekin irabazi zuen, minbizidun emakume baten ahotik gizarteak eragindako presioa deskribatuta. Legorburu oso pozik geratu da lortutako emaitzarekin, hogei urteren ondoren estreinakoz irabazi baitu Ordiziako lehiaketa.
Helduen mailako bigarren saria Julian Albisturrentzat izan zen. Epelekoak '23. Korrika, Euskal Herria ezagutuz' izena jarri zion sortari, eta Euskal Herriko txoko askoren errepasoa egin du bederatzi puntuko bertsoen bidez. Sei urteko etenaren ondoren lehiaketa honetan parte hartzera itzuli da Albistur, eta gustura geratu da emaitzarekin.
Gaztetxoen bigarren saria, Ekai Legorbururentzat
Ekai Legorburuk 'Olinpiar jokuak badatoz' sorta aurkeztu zuen gaztetxoen mailan, eta bigarren saria eskuratu zuen. Gaia antolakuntzak proposatu eta horri buruzko bertsoak egin behar zituzten gaztetxoek, eta Legorburuk hiru bertsoko sorta polita osatu zuen, trikitixa, Maialen Chourraut eta tankerako gaiak aipatuta.
Irabazleen bertso sortekin liburua argitaratuko du Ordiziako Argi Berri elkarteak.