Gaur izango da CIMASUB Nazioarteko Itsaspeko Zinema zikloko hiru saioetatik lehenengoa. Biteri Kultur Etxeko aretoan itsaspeko munduarekin lotutako dokumentalak eta film laburrak ikusteko aukera izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Gaurkoan ondorengo lanak proiektatuko dituzte: Nigth flight. Mantas en la noche; Santuario Esmeralda; Raja Ampat; Tiempo; The silent invasion of the Mediterranean sea; Estrés; Veo veo; Itsaso bizia; Rolling in the deep-Southern Australia; Underwater Komodo; Mangroves of Raja Ampat eta The shark with a thousands names. Hamabi dokumental edo film labur dira guztira.
Real Sociedad Itsaspeko elkartea da zikloaren antolatzailea, eta 47. edizioa da aurtengoa. Adierazi dutenez, euren helburua da «itsaspeko mundua ezagutaraztea eta harenganako maitasuna eta errespetua sortzea».
Hurrengo bi astearteetan ere CIMASUB zikloko dokumentalak ikusteko aukera izango da Biteriko aretoan. Hilaren 24an zortzi proiekzio izango dira, eta urriaren 1ean beste sei.
Erakusketa ikusgai, urriaren 4ra arte
Bestalde, dagoeneko Biteriko erakusketa gelan dago 24 argazkirekin osatutako bilduma. Bertan mundu osotik jasotako argazki onenen hautaketa egin dute, eta argazkilari haundien lana ikusteko aukera dago. Bisitatzeko asmoa dutenek astelehenetik ostiralera egin dezakete, 11:00etatik 19:00etara.