Hasiera gazi-gozoa izan dute esku pelotari hernaniarrek, Gipuzkoako Binakako Txapelketan. Bederatzi partidu jokatu dituzte estreinako jardunaldian, eta horietatik bost irabazi dituzte.
Kategoria gorenean lortu dute garaipenetako bat. Ondo ekin diote txapelketari Xabi Apaolazak eta Markel Lizeagak, nagusien ohorezko mailan. Hernaniarrak nabarmen nagusitu ziren Ilunpeko Egigurenen eta Labakaren kontra (22-7), eta B multzoko buru dira.
Aldiz, nagusietako beste bi partiduak galdu zituzten hernaniarrek. Bigarren mailan, 14-22 galdu zuten Jon Jarak eta Josu Altunak, Ilunperen kontra. Eta hirugarren mailan, porrota jaso zuten Julen Deskargak eta Unai Etxarrik ere, Kukuren kontra (8-22).
Kadeteetan lortu dituzte emaitzarik onenak, bi partiduak irabazita. Ekhi Osesek eta Lier Zugastik 22-9 irabazi zuten lehenengo mailakoa, Tolosan. Eta Aratz Labaka eta Amets Makatzaga 22-6 nagusitu zitzaizkion Behar Zanako bikoteari.
Jubeniletan, ordea, Joseba Arretxek eta Oinatz Gaskonek soilik lortu zuten garaipena, Beloki taldeko bikotearen kontra, hirugarren mailan (22-10). Aimar Zabalak eta Oier Azpeitiak 2-22 galdu zuten lehenengo mailakoa, Gaztelekuren kontra; eta Aratz Aranburuk eta Manex Alberdik 1-22 bigarren mailakoa, Behar Zanaren kontra.