Ezin hobeto hasi da denboraldia, CD Hernaniko futbol talde nagusientzat. Primeran ekin zion nesken Euskal Ligako taldeak, joan den astean, Altzarrateri 11-0 irabazi eta lidertza eskuratuta. Eta hasiera onari segida eman dio asteburu honetan, bigarren garaipenarekin: 0-3 nagusitu ziren larunbat arratsaldean, Bilbao Artizarrak taldearen zelaian. Hori horrela, Euskal Ligako lider jarraitzen dute, 6 punturekin, Bizkerrerekin, Eibarrekin eta Basauriko Kimuakekin berdinduta.
Ane Roscoren bi golei esker bideratu zuten partidua berdeek. Aurreneko zatian lortu zuen aurrenekoa, ordu erdia pasa berritan; eta bigarren zatia hasi eta 10 minutura egin zuen bigarrena. Horrela, kontrolpean izan zuten partidua hernaniarrek, eta Paula Soroetak jarri zion errematea: Roscoren beraren ordez zelairatu zen 71garren minutuan, eta sartu eta hiru minutura lortu zuen hirugarren gola. Bere hirugarrena ere bada denboraldi honetan, bi sartu baitzituen Altzarrateren kontra.
Ohorezko Mailako mutilek, 2-1 Beasaini
Nesken taldeak bezalaxe, garaipenarekin hasi du liga mutilen Ohorezko Erregional Mailako taldeak ere. Larunbat arratsaldean jokatu zuten Zubipen, Beasainen kontra; eta 2-1 nagusitu ziren berdeak, aurreneko hiru puntuak eskuratzeko.
Ez zen partidu erraza izan hernaniarrentzat, eta azkar okertu zitzaien, gainera. Izan ere, bosgarren minutuan, aurrea hartu zuen Beasainek. 0-1ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira, baina aldageletatik bueltan, ordu laurden behar izan zuten berdeek, partiduari buelta emateko. 59garren minutuan, berdinketaren gola lortu zuen Eneko Grinchek; eta handik hiru minutura, bigarrena egin zuen Eneko Segurak, 62an. Lan zailena eginda, emaitzari bukaerara arte eusteko gai izan ziren hernaniarrak, garaipena eskuratzeko.