Urumea ibaiaren garbiketa egingo da larunbatean, Sagarretak antolatuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 16a, 00:00

Goizeko 09:30etan jarri dute hitzordua Landaren eta Udalaren laguntza izango da materialarekin.

 

Datorren irailaren 21erako, larunbaterako, Urumea ibaian garbiketa antolatu du Sagarreta Natur taldeak, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Garbiketa Hernanin egingo da, Erriberatxiki eta Zubiondo inguruan. Hitzordua Landaren jarri da, errugbiko zelaian 09:30etan.

Ikasturte berria hasteko auzolanean Urumeako erriberen garbiketa bat antolatuko da hirugarren urtez jarraian. Udalak azpiegiturarekin lagunduko du eta biltzen den hondakinen kudeaketaz arduratuko da. Iaz 369 kilo zabor jaso ziren.

Sagarreta Natur Taldeak auzolana antolatuko du. Bertan landare inbaditzaileen inguruko azalpenak emango ditu Jon Zulaika adituak. Ibaiaren erriberetan zaborraz gain ingurumena kaltetzen duen beste arazo garrantzitsu bati helduko diote: landare inbaditzaileak.

«Auzolanerako gure bazterrak zaintzea eta balioan jartzea da Sagarreta Taldearen zeregina», diote elkartetik. Edonorentzat auzolanean modu erosoan aritzeko gune bat aukeratu da garbiketarako, sarbide egokiekin.

Edonork parte har dezake eta izenematea eskertuko da info@sagarreta.eus helbidera mezua bidalita.

Norberak aldatzeko arropa eta oinetako egokiak ekarri beharko ditu. Gainontzeko materiala, eskularruak, poltsak, erramintak … bertan izango da. Taldeak udalaren laguntza izango du azpiegitura eta materialari dagokionez: edukiontziak jarriko dira eta hondakinen kudeaketa egokia egingo da.

 

Sagarretak asteazkenetan izaten ditu bilerak Iturolan eta etzi izango da bat

Bestalde Sagarreta taldearen bilerak asteazkenetan izaten dira, arratsaldeko 18:00etan, Iturolan hamabostean behin. Hurrengoa irailaren etzi izango da eta edonor gonbidatuta dago taldera batzeko. «Besteak beste urrian antolatuko ditugun hazi bilketak eta mintegia izango ditugu hizpide».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!