Hernaniko EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk kea saltzen jarraitzen duela atez atekoarekin. Alderdi jeltzalearen arabera, «oraingoan Portugalgo teknikari eta kargudun publikoei egokitu zaie atez atekoaren gezur haundiak entzutea». Andoni Amonarraiz, alderdiko bozeramailearen hitzetan, «kea saltzen jarraitzen da atez atekoarekin lotuta, diru publikoaren kontura bidaiatzeko eta Hernani hondakinen bilketa sisteman erreferente gisa jarri nahi izateko, dena gezurra denean. Eta datuetara jotzen dugu».
«San Markoseko mankomunitatearen datu ofizialek adierazten dutenez, hernaniar bakoitzak 76,4 kg/urteko hondar-frakzioa sortu du, eta portugaldarrei 62,99kg/urte saldu zitzaien. Konparazio batera, Beasain jarriko dugu erreferentetzat. 2023an, biztanle bakoitzak urteko 67,55kg-ko hondar-frakzioa sortu zuen. Emaitza hori lortzeko, hondakinak edukiontziekin bildu dira. Datu hauek publikoak dira eta Sasietako Mankomunitatearen webgunean aurki daitezke», jarraitu du Amonarraizek.
«Aipatu ditugun emaitzez gain, ez da ahaztu behar kargu publikodunen betebeharra dela diru publikoa modu eraginkorrean eta efizientean kudeatzea. Bada, Hernaniko errealitatetik oso urrun dago hori, atez atekoarekin egindako hondakinen bilketa 600.000 euro/urtekoa da, edukiontziekin baino garestiagoa. 2010etik, atez atekoa martxan jarri zenetik, 8.400.000 euro zaborretara botata daramatzagu, hernaniarren behar asko asetzeko inbertitu ahal izan direnak. Kontatu ote diete Portugalgo ordezkariei errealitate hori? Ezetz uste dugu. Urteak daramatzagu gure datuak EH Bilduk saltzen dituenekin alderatu nahian, eta ez dira inoiz gurekin eseri nahi izan. Politagoa da atez atekoa munduari modu partzialean saltzea», amaitu du EAJ-PNVko bozeramaileak.