Iñistorrarekin zerikusia duten argazki zaharrak behar ditu Aranzadik

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 15a, 00:00

Agerretarrak meta egiten 1965 urtean. Argazkia: Felix Unzueta.

Aranzadi iñistor, garo edo iratze mozketen historiari buruzko ikerketa lana ari da egiten eta argazkiak kronikan jasoko dira.

 

Aranzadi Zientzia Elkartea XIX. eta XX. mendeetan Hernanin egiten ziren iñistor, garo edo iratze mozketen historiari buruzko ikerketa lana ari da egiten Eusko Jaurlaritzarentzat. Lan horretan, garo mozketei loturiko kultura aztertzen ari dira, ikuspuntu etnografiko, arkeologiko, historiko eta biologiko batetik. Horiei loturiko argazkiak edo irudiak, ordea, oso gutxi dira. 

Hori dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak eskaera egin nahi die Hernaniko herritarrei, Kronikara jotzeko eskatuz, «inork etxean iñistorra mozten, metak egiten edota garoa mozteko prozesuari (gurdiarekin iratzea ematen) loturiko beste edozein irudi izango balu. Bertan, irudia eskaneatu eta berriz ere familiari itzuliko litzaioke, eta ikerketa lanean irudia jarriko litzateke utzi duenaren izena aipatuz betiere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!