Barrenetxea sailkatu da zuzenean finalera, Ansa gainditu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 15a, 00:00

Hernaniarrak 27 tanto behar zituen, baina hori bakarrik ez, partidua ere irabazi egin zuen 24-30. Urriza-Ansa izango da finalerdia.

Endika Barrenetxea Buruz Buruko finalera sailkatu da, ligaxkako azken partiduan Ansa, 24-30, gainditu eta gero. Hernaniarrak 27 tanto behar zituen zuzenean finalera sailkatzeko eta hori bakarrik ez, partidua bera ere irabazi egin zuen. Beraz, datorren astean Urrizak eta Ansak jokatuko dute finalerdia, Barrenetxearen aurka finalean nor arituko den jakiteko.

Barrenetxeak saketik min haundia egin zuen, hamabi tanto eginez guztira, eta azkenengo lauak saketik egin zituen. Ansa 24-23 zen aurretik, baina azkenean etsi egin zuen Barrenetxearen sakearen aurrean. 0-7ko azken partziala erabakigarria izan zen.

 

Partidu azkarra eta ikusgarria

Partidu azkarra eta ikusgarria izan zen atzo Galarretan bizitakoa. Berdintasun haundia izan zen eta tantoak luzeak izan ez arren, abiadura bizian jokatutakoak izan ziren. Tantorik luzeena eta eguneko onena lehendabizikoa izan zen. Gogorra izan zen tantoa eta azkenean Ansak lortu zuen. Nekea nabaritu zuten aurreneko tantoa amaitutakoan eta Barrenetxeari gehiago kosta zitzaion gorputzari buelta ematea. Horrela, Ansak ederki baliatu zuen bere freskotasuna eta 6-0 aurreratu zen.

Hala ere, atzelari hernaniarra pixkana bere onera etorri zen. Bi pareta dotoreei esker eta bere sake zitalarekin markagailuari buelta eman zion. Lehendabiziko aldiz aurretik zen markagailuan 10 eta 11koan. 10-12 ere jarri zen aurretik, baina berriz ere urnietarrak aurrea hartu zuen 15-12koan. 

Hortik aurrera berdintasuna izan zen nagusi. Inork ez zuen abantaila haundirik hartzen. Ansa gehiagotan izan zen aurretik, 17-18an ez beste, eta 24na berdindu eta gero Barrenetxeak behar zituen 27 tantoak berehala egin zituen. 27garrena, 28garrena, 29garrena eta 30garrena jarraian egin zituen sakez, ligaxkako hiru partiduak irabaziz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!