Enherkom ereindako uzta jasotzen hasi da

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 15a, 00:00

Autokontsumo partekatua da orain arteko apusturik haundiena, eta Zubipen jarritako plaketatik 88 familia ari dira energia jasotzen.

 

HERNANI ENERGIA

Hernani Burujaberen baitan, energia sektoreak batzar irekia egin zuen joan den asteazkenean. Bertan, Enherkom kooperatiba eta hainbat herritar bildu ziren, 2025eko ekintza plana eta aurrekontua onartzeko, besteak beste.

Autokontsumo partekatua da orain arteko Enherkomen apusturik haundiena, eta jada emaitzak jasotzen ari dira. Zubipen jarritako plaketatik 88 familia ari dira energia jasotzen.

Bigarren instalakuntza ere burututa dago, Ibaiondon, eta urte honen amaierarako beste 90 bat familiek bertatik energia jasotzen hastea espero dute, baita hamar merkatarik ere. Instalazio hauek berezitasun bat dute, gainera; plakak bi enpresen teilatupean daude.

Horren haritik, udal eraikinen gainaldean ere autokontsumo partekatuak eraikitzeko asmoa dute, 2025ari begira.

Kooperatibako kideek nabarmendu zuten ez dela aldatu euren izateko arrazoi nagusiena; hori da, «dinamika kapitalistetatik» ateratzea, eta herritarren beharrei erantzutea.

Horregatik, nabarmendu zuten arrakasta haundia izan duela aholkularitza energetikoak. Hernaniarrek 600 kontsulta inguru egin dituzte Energia Bulegoan. «Horrek erakusten digu herritarren benetako beharrei erantzuten ari garela», adierazi zuten.

Auzoetan bilerak egin eta gero, bertatik jasotako zenbait proposamen, lantzen hasi da dagoeneko Enherkom. Besteak beste, Etxeberriko auzo elkartearekin harremanetan daude, enpresen CO2 isuriak Hernanin egingo diren proiektuetan nola konpentsatu aztertzeko. Horrez gain, Zikuñagako auzo elkartearekin ere lanean hasi dira plaka fotoboltaiko gehiago jartzeko espazioak identifikatzeko.

Azkenik, denbora da pobrezia energetikoaren gaiari heltzeko hautua egin zuela Enherkomek, eta problemetika lantzen jarraitzeko asmoa dute. Orain arte, egoera zaurgarrian dauden pertsonekin lanketa egin da Energia Bulegoan, baina, aurrera begira, proiektu bat garatu nahi dute aholkularitzaz gain esku hartze zuzena egiteko.

293.500 euro aurreikusi dira energia sektorearen datorren urteko ekintza-planera bideratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!