Urteak daramazki Amher elkarteak, etorri berrientzako gaztelania eta euskera klaseak ematen, bolondresen bitartez. Euskerazkoak, dena den, oso gutxi izaten ziren, ikasle faltagatik baino, bolondres eskasiagatik. Horregatik, Hernaniko Udaleko Euskara Sailarekin harremanetan, herritarrak 'zirikatzen' hasi ziren, oinarrizko euskera klase horiek ematera animatzeko: «Ez dira klase formalak; oinarrizko gauzak erakustea da helburua. Eguneroko kontuak, hitzak, sortzen zaizkien zalantzak... 'Zer da kirol eskola? Umeak esan digu eta ez dakigu zer den'. Horrelakoak, adibidez. Edota kalean eta eraikinetan topatuko dituzten kartelen esanahia. Baina gramatikan sartu gabe», azaldu du Amherreko Su Hernandezek.
Ikasturte honetan ere eskainiko dituzte klaseak, urrian hasita; eta bolondres bila dabiltza. Horregatik, bilera irekia deitu dute datorren astearterako, hilak 17, arratsaldeko 18:30etan Kulturarteko Plaza Feministan. Bertara animatu dituzte klaseak emateko prest dauden guztiak. Joan den urtean, astean hiru saio eskaini zituzten, eta zortzi bolondres aritu ziren irakasle lanetan, txandaka.
«Oso ondo pasatzen dugu klaseetan, simulazioak egiten»
Euskera klaseetan, ikasle fidelenetakoa da Maria Benegas paraguaitarra. Duela bi urte etorri zen Argentinatik lanera, semea bertan utzita, zailtasun ekonomikoei aurre egin eta etxea ordaindu ahal izateko. Hemen zegoen lagun baten gomendioz zeharkatu zuen Ozeano Atlantikoa, eta hark azaldu zion hizkuntza propio bat bazela hemen: «Iritsi nintzenean ez nuen euskeraren berri, eta lagunaren etxean, ume bati entzun nion 'agur' esaten, behin eta berriro. Orduan azaldu zidan lagunak, euskeraz ari zela, eta hemengo hizkuntza dela».
Berehala piztu zitzaion euskera ikasteko gogoa, «behintzat euskeraz egiten duenari zerbait ulertzeko, hitz egiteko gai ez izan arren». Gainera, bere jaioterriarekin lotura egin zuen, euskeraren berri izan zuenean: «Guk ere badaukagu hizkuntza propio bat, guarania. Nire amak guarania bakarrik hitz egiten du, ez du gaztelaniaz egiten. Eta aldiz, bere lau bilobek gaztelaniaz egiten dute, ez dakite guaraniz. Hortaz, bisitan joaten zaizkionean, kosta egiten zaio haiekin komunikatzen, eta asko sufritzen du. Horregatik, euskera ezagutu nuenean, pentsatu nuen gutxienez oinarrizkoa ikasi behar nuela, euskeraz egiten dutenekin komunikatu ahal izateko. Eta guztiz ikasteko aukera baldin badaukat, askoz ere hobeto», azaldu du.
Adineko emakume bat zaintzen egiten du lan, aste osoan, interna gisa. Eta bere bi ordu libreak baliatzen ditu euskera ikasteko. Aurreko ikasturtean, astean bitan izan zituen saioak, eta ari da pixkanaka ikasten: «Nik zaintzen dudan emakumeak euskeraz egiten du, eta hasieran ez nion ezertxo ere ulertzen; orain, pixka bat bai. Eta supermerkatuan, okindegian edota harategian, zerbait ulertzen dut behintzat».
Euskera ikasteko ez ezik, harreman berriak egiteko eta elkarbizitza sustatzeko ere balio dute klaseek: «Ni oso gustura etortzen naiz. Jende berria ezagutu, kafetxo bat hartu, euskera ikasi, eta oso pozik ateratzen naiz saioetatik. Oso ondo pasatzen dugu, egia esan. Idatzizko ariketa batzuk egiten ditugu, kantatu ere bai... Eta simulazioak. Adibidez, irudikatzen dugu erosketak egiten ari garela. Folletoa hartu, zer erosi behar dugun esan, eta asmatu behar dugu ordainketa euskeraz egiten. Edo taberna batean gaudela simulatzen dugu, aprobetxatuz Plaza Feministako sukaldean izaten direla klaseak. Bat jartzen da barraren atzean, eta besteok joan behar dugu eskaera euskeraz egitera».
Hernaniko euskaldunei deia, «etorri berriak euskerara eta euskal kulturara hurbiltzen laguntzeko»
Etorri berriek euskera ikasteko aukera izan dezaten, bolondresak behar ditu egitasmoak; eta horretarako deia luzatu diete Hernaniko herritar euskaldunei, Udaleko Euskara eta Kulturartekotasun sailek, eta Amher-SOS Arrazakeria elkarteak. Esan bezala, bilera irekian parte hartzera animatu dituzte, datorren asteartean, 18:30etan Kulturarteko Plaza Feministan. Bolondres sarea osatu eta zabaltzea da bileraren helburua.
«Bolondresak behar ditugu, etorri berriak euskerara eta euskal kulturara hurbiltzen laguntzeko. Oso garrantzitsua da euskaldunok etorri berriengana gerturatzea. Aukera paregabea daukagu euskaldun berriak sortzen laguntzeko», adierazi dute.
Gainera, nabarmendu dutenez, «haiek adina jasoko dugu guk, euskaldun bezala; baina baita pertsona bezala ere, harremanek iraun egingo baitute», nabarmendu dute Udaleko eta Amherreko kideek.
Aurreko ikasturtean, 18 etorriberri aritu ziren saio horietan, zortzi bolondresen eskutik «aurreneko kontaktua izaten euskerarekin eta euskal kulturarekin». Aurten ere, dagoeneko askok erakutsi dute interesa, klaseei berriro ekiteko.
Zentzu horretan, Udalak azaldu du hernaniarren %10,3a dela jatorri atzerritarrekoa, 2021eko datuen arabera; eta adierazi du hizkuntza «tresna garrantzitsuenetako bat» dela haiei «herri gisa harrera egokia egiteko».